Aitziber Pz. Karkamo
Aitziber Pz. Karkamo

Gaztainak

Astebete da Iruñea negarrez esnatu zela. Geroztik, tristura ezin kendu dabil. Neurri zorrotzei udazkenaren etorrera gehitu zaie eta nik gaztainak erosi ditut. Ikusi ezin dudan amari deitu diot. Gasteizko zerua gris antzean dela dio. Labea berotzen ari naizela aipatu, eta eskatu barik, hor hasi zait, ahots argiz, gaztainak zelan moztu azaltzen, etxean beti egin dugun moduan. «Eta ez ahaztu gatz lodia; errazago zurituko dituzue gero». Une batez, nostalgia lazgarri batek zeharkatu nau. Kasik hilabetez ikusiko ez nauen amaren superbibentzia ikastaroa jaso dut eta pandemia batek eragindako tristura kolektiboa gaztainetan neurtzen ikasi dut.

Ez naiz sekula izanen kazetaritza sentsazionalista edo morbosoaren aldekoa, baina begi bistan da ortzadarrez jositako «dena ondo joango da» titularrek mesede gutxi egin diotela egun bizi dugun egoerari. Hedabideen funtzio publikoan sinesten dut, finean. Badakit ZIU barruko irudiak erakustea mingarria bezain desegokia izan daitekeela. Baina egoera honetan gerta daitekeen minik handiena PCR makilatxo batek eragiten duena dela sinetsaraztea ere ez da zuzena.

Egunkari honek mantxeta gorria berreskuratu zuen egunak pozgarria behar zuen, baina triste esnatu zen hiria. Eta nik mantxetaren gorria maite dut, gure medio propioak inoiz baino gehiago behar ditugula sinesten dudan moduan.

Bilatu