Aitziber Pz. Karkamo
Aitziber Pz. Karkamo

Ikasi ahal dugu zerbait?

Txertoen kudeaketak begi bistan uzten du munduaren moralik gabeko banaketa interesatu eta gurekoia

Orain gutxi izan da urtemuga. Urtebete birus ezezagun bati buruzko lehen albisteak jasotzen hasi ginela. Harriduraz so egiten genien Wuhametik zetozen irudiei. Urrundik begiratzen genion bertan jazotzen ari zenari, distantzia fisikoaren zein moralaren aldetik. Guri ezer gertatuko ezin balitzaigu lez. Mendebaldetarron nagusikeria.

Laster konturatu ginen gu ere kolpatuko gintuela sekula irudikatu gabeko mehatxu ikusezinak eta mundu mailako kontzientzia aldarrikatzeari ekin genion. Orduan hasi ginen kolektibotasunaz hitz egiten, munduak bide zuzena hartzeko eskaintzen zigun aukeraz, elkartasunaz eta abarrez.

Hasierako puntura itzuli ote garen kezka dut. Urte hasierarako, mundua sendatzeko baliabideen gehiengoa eskuratu dugu, munduaren erdiari baino gehiagori epe motzera itxaropena ere lapurtuz. Munduaren zentroa bagina lez bereganatu dugu merkatua, gure bizi baldintzetara egokitutako merkatua. Nahiz eta maiz erakutsi dugun besteei kendutakoaren kudeaketa ezin okerragoa egin dezakegula. Txertoen kudeaketak begi bistan uzten du munduaren moralik gabeko banaketa interesatu eta gurekoia.

Atzean utzi berri dugu ikasgaiz betetako urtea, baina, txertoekin gertatutakoa ikusita,  ikasi ahal dugu zerbait benetan? Ezagutza, jakinduria eta moralaren jabe garen uste okerra beste behin geratu da agerian.

Bilatu