Aitziber Pz. Karkamo
Aitziber Pz. Karkamo

Infodemia

Konfinamenduan ez nintzen liburu bat bera ere irakurtzeko gai izan. Leitu bezain pronto ahanzten zitzaizkidan irakurritako izenak, ezin kontzentratuz. Hor ekin nion covid-19az argitaratu ziren lehen informazioak irakurtzeari.

Konfinamenduan ez nintzen liburu bat bera ere irakurtzeko gai izan. Leitu bezain pronto ahanzten zitzaizkidan irakurritako izenak, ezin kontzentratuz. Hor ekin nion covid-19az argitaratu ziren lehen informazioak irakurtzeari; beldurra eragiten zidan gaixotasuna ezagutzeak ziurtasuna ekarriko zidalakoan. Gaiaren ezagutzaz gain, zientziarekiko errespetua areagotu zait.

Pandemiaren hasieran ingresatuta egon zen lankide batekin aritu naiz. Biriketan lez, birusak memorian eragin dio, eta horrek pairatu zuen tronboak baino min handiagoa ematen diola kontatu dit. Seme-alabek «aita, ez zara lehengo bera» esaten omen diote. Izenak ahazten zaizkio, etxeko txikien marrazki bizidun gustukoenen protagonistenak, esaterako.

Txerto denen izenak dakizkigu eta onak eta txarrak bereizteko gaitasuna ere garatu dugu. Infodemiak, gehiegizko informazioak, ausardia ekarri digu gero, eta, zientziari muzin eginez, anekdota bihurtu dugu titular. Txertoek ez dituzte tronboak eragiten; txertoak tronboak izan ez ditzagun gerta dakigukeen onena dira.

Zientziak dioenak balio ez badigu, pentsa dezagun txertoek izenak itzuliko dizkigutela. Izenik gabeko hildakoen zerrenda etetera datoz txertoak. Kalean paseoan goazela, fruta- dendan sartzean, lantokira iristean, gure izenez agurtuko gaituzte. Bizitza bezala, izenak itzuliko dizkigute txertoek.

Bilatu