Aitziber Pz. Karkamo
Aitziber Pz. Karkamo

Itzulera

Itzulera egunak izan dira sorterrira bueltatu diren soldaduentzat. Kabuleko aireportutik abiatu eta mendebaldera hedatzen den zeru zabalaren azpian, ordea, betikoz urratu diren milaka bizitza ikusezin geratu dira.

Itzulera egunak dira. Kaleek erritmoa berreskuratu dute. Nafarroako ospitalean pandemiaren biktimen omenez egin duten lorategia lasai dago gaur. Jaioberrien eraikinari ilusioa dario. Anbulantzia baten etorrerak, baina, ezinegona eragin du inguruan. Haren sirenak etxera itzuliko ez direnen zerrenda osatu gabe dagoela gogorarazi digu.

Itzuli ezingo diren asko utzi ditu herri honek urteetan. Haien memoriaz arduratu behar dugu hemen gaudenok, baina ez dezagun egin Euskal Herrian beharko luketen horien itzultzeko eskubidea urratuz. Arima gehiegi urratu dira eta itzultzeak beti beharko luke eskubide izan.

Itzulera egunak izan dira sorterrira bueltatu diren soldaduentzat. Kabuleko aireportutik abiatu eta mendebaldera hedatzen den zeru zabalaren azpian, ordea, betikoz urratu diren milaka bizitza ikusezin geratu dira.

Herrira ezin itzul daitekeen Gioconda Bellirekin gogoratu naiz. Bere liburuetako lorategietan ezkutaturik agertzen diren emakumeak irudikatu ditut. Akaso, dagoen tokitik, ortzadar bat marraz diezaioke idazle nikaraguarrak eskolara itzuli behar duen Gasteizko neskato bati. Edo akaso, urratutako arima josten lagunduko dioten hitzak izkiriatu ahal dizkio Plentzian bortxatu duten gazteari.

Itzulera egunak dira gehienontzat, baina aukera profitatu ordez, atzera itzultzen ari garen sentsazioa dut.

Bilatu