Aitziber Pz. Karkamo
Aitziber Pz. Karkamo

Katu bat Gazan (eta II)

"Katu bat Gazan" idatzi nuenean ez nuen uste gure Aika txikiak horren azkar utziko gintuenik. Tristuraz jositako egunak dira. Askok ulertzen ez badute ere, etxean animalia dugunontzat beste senide bat dira eta oso mingarria da uzten duten hutsunea.

Katu bat ikusi dut berriz Gazatik iritsitako argazki batean. Orubeak baino ez dituen eraikinera itzulitako familia batekin ageri da katua, kristalik gabeko leihoan tente eta dotore, erresistentziaren sinbolo gisa. Egunotan ugari dira Gaza hiri suntsitura itzulitakoen albiste eta argazkiak. Larunbatean irudi horietako   bati begira nengoela, SER kateko albistegia entzun nuen. Esatariak Hamasek Israeli entregatutako azken gorpuaren berri eman zuen, bahituaren izen-abizenak aipatuz. Bi seme-alabaren aita eta ume txiki baten aitona zen hildakoa. Jarraian, Armada israeldarrak jaurtitako bonbak hildako hamar laguneko familia baten berri eman zuten. Haietako zazpi haurrak izanik ere, ez zen izenik, ez eta bestelakorik ere aipatu. Irrati kate honek eta beste zenbaitek Palestinarekiko linea editoriala aldatu badute ere, eta genozidioaz aritzen badira ere, erraz asko erortzen dira sionisten tranpan, hildako israeldarrak humanizatzen eta palestinarrak berriz zenbaki hotz huts gisa kontatzen. Eta horrela ezin sekula jakin familia horrekin itzulitako katuaren izena.

Bilatu