Aitziber Pz. Karkamo
Aitziber Pz. Karkamo

Lautadako nasan

Aminak bidaia txartelak hamaika puskatan txikitzeko ohitura zuen

Laino batek hartu du Arabako lautada. Aminak salda termoa eta katilu bi sartu ditu poltsan. Goizean goiz abiatu da geltokira, Aguraingo goizalde freskoetara ohitu ezin den gorputzari ahalegin bat eskatuz.

Nasan topatu du laguna. Ezin besarkatu, begiekin elkar agurtu dute eta trena noiz iritsiko zain geratu dira. Martxotik hona tren asko kendu dituzte eta zaila dute ordutegiak koordinatzea.

Aminak bidaia txartelak hamaika puskatan txikitzeko ohitura zuen. Orain, bihotza bera urratu zaiola sumatzen du. Lau urtez egin du Agurain-Gasteiz-Agurain bidaia astean bospasei egunez, Auroraren etxera joateko.  Baina covid-19ak eraman du Aurora. Zaindu behar zuen adineko emakumea hasieran, amaieran senide bihurtutakoa, hil da pandemian.

Aminak erreferentziak ditu elkarrizketa baterako, baina lagunari eman nahi dio aukera. Lagunduko dio Gasteiza, trenak murriztu dituen estazioan orduak eman beharko badituzte ere. Okerrago egon da laguna, kontraturik gabe eta ERTE baten soldata ere etxean ezin sartu. Lagunarentzat, etxea toki segurua izan beharrean, infernua izan da hilabeteetan, eta kontratu batekin, akaso, bertatik irtengo den suberbibientea izan daiteke, infernuan bizi den tratu txarren biktima izan beharrean.  

Lana lortzea, biziraupena bermatzeko modua izan daiteke  emakume askorentzat. Baina lana gauzatu ahal izateko, tren bat jartzea besteon ardura da.

Bilatu