Aitziber Pz. Karkamo
Aitziber Pz. Karkamo

Lur erreak

Familian sarri hitz egin diote bizitzen ari direnaz. Ondo daki etxea eta herria utzi beharko dutela. Presaka hartu ditu ezinbestekoak eta poltsa itotzeraino sartu ditu liburuak. Amak jositako zapiarekin garbitu dizkio malkoak negarrez den neba txikiari, «lasai egon, itzuliko gara» esanez.

Badaki, gerrari buruz entzun eta irakurri duelako, etxetik joanen direla, baina zinez uste du behin guda bukatuta itzuliko direla. Era berean, badaki ezer ez dela berdina izanen eta bere liburuen hondarrak besterik ez direla geratuko. Baina esperantza du han iraunen duela eskola bati eraso ziotenean erail zuten amak utzitako etxeak. 

Baina ez dira itzuliko. Itzuliko balira, lur beltz zati bat besterik ez lukete topatuko. Libano hegoaldean lur errearen politika gauzatzen ari baita Netanyahu. Israelek bere muga Litani ibairaino zabaltzeko asmoz, Palestina, Siria eta Libanoko eremuak bereganatuz doa, mugak legez kanpo birdefinituz. Estatu hebrearrak libanoarrak beren etxeetatik alde egitera behartu ditu eta euren lurrak hondatuta gera daitezen bonben eta fosforo zuriaz baliatzen ari da. Guda, ofizialki gudatzat jotzen dugun hori, etengo dute, baina erasoak ez dira sekula amaituko, genozidatzat ofizialki ezagutzen ditugun horiek ez diotelako sekula erasotzeari utziko.

Bilatu