Aitziber Pz. Karkamo
Aitziber Pz. Karkamo

Memoria genetikoa

Ezinegona eragin didan zientzia artikulu bat irakurri dut berriki. Antza, sagutxoek izugarri maite dituzte gereziak. Arratoi familia bateko kideei fruitu horiek eskaini zizkieten, aldi berean deskarga elektrikoak jasotzen zituztela. Hurrengo belaunaldiari ez zioten ez gerezirik eskaini, ez eta deskargarik eman ere, baina hauen oinordekoek, aldiz, beldurra sentitzen zuten gereziak  usaintzen zituztenean, nahiz eta aurretik gereziekin inolako harremanik izan ez zuten hirugarren belaunaldiko saguak izan.

Esperimentua memoria genetikoaren frogatzat jo dute zientzialariek eta gizakiokin antzera gertatu ohi  den aztertzen ari dira. Honek min eta beldurrez jositako etorkizun baten aurrean kokatuko gintuzke, eta Gaza bera izan daiteke amaierarik izango ez duen krudeltasun esperimentuaren froga nagusietakoa.

Irailak urtarrilak baino  hasiera kutsu handiagoa izan ohi du, baina soilik zerbait berriari ekiteko aukera egonez gero. Munduari azkar so egitea nahiko da etsipen kirats nabariaz jabetzeko. Sentsazioa dut badirela jada berriz altxatu ezinen ditugun orubeak. Horien artean, nagusiki, giza eskubideen hitzarmenetan genuen sinesmena, batu ezinen ditugun milaka puskatan hautsi zaigun konfiantza baita, eta hori berreskuraezina da.

Bilatu