Aitziber Pz. Karkamo
Aitziber Pz. Karkamo

Mobilizazio isilak

Azken asteotan udal askok egin dute bat hainbat elkartek Gazako genozidioa salatzeko egindako adierazpenekin. Bada esaten duenik horrelako keinuek ezer gutxirako balio dutela. Izan ere, sarraskiaren aurkako salaketa irmoa agertu duten alderdien jarrera aski ezaguna da, baina ariketa interesgarria da oraindik ere zalantzan mugitzen diren horien jokaera agerian uzteko.

Bilboko alkateari min eman dio Espainiako Vueltan herritarrek emandako irudia. Ziklismoarekiko afizioa oso zabaldua dago gurean eta kirol ekitaldietara tropelka gerturatzen den herria gara. Baina ondo daki Aburtok gurean, ziklismoarekiko maitasuna legez, elkartasun handia dugun jendartea garela eta ez dela lehen aldia kausa justu baten aldeko aldarrikapenetan ekitaldi masiboak baliatu izan dituguna zarata egiteko.

Izan ere, isilpean gauza gutxi lortzen da. Zarata egin behar izan dugu ongizate gizartean aurrerapenak eta eskubideak eskuratzeko. Baina egia da ere zenbait kargudun politiko ohik isilpean ematen dituztela enpresa pribaturako urratsak; kurioski, administrazioarekin harremana duten enpresetara. Eta bitxia bada ere, genozidioa gertatzen ari den Palestinan jaiotako haur bat ikur duen erlijio kristauan oinarria duen alderdietako kide ohiak dira.

Bilatu