Aitziber Pz. Karkamo
Aitziber Pz. Karkamo

Planeta Mundiala

Pakistanen edo Nepalen jendea sobera dago. Bizitza denek ez dute balio bera eta biztanleria hori azkar haz ez dadin hildakoak behar ditugu. Inori axola ez zaizkion heriotzak behar ditugu.

Iragan astetik 8.000 milioi biztanle ditu planetak. Iragan astetik, datu deigarri eta kurioso bat izatetik harago, bada gure munduari neurria hartzeko baliagarri bezain kezkagarria den datua. Izan ere, biztanleria ez da leku denetan maila berean hazten eta pertsona gehien pilatzen diren lurraldeetan gizarte-desberdintasunak areagotu egiten dira.

Badirudi, horregatik hain zuzen, gutxi axola zaizkigula soberan dauden pertsonen heriotzak. Hala, jende pilaketak izanen diren Qatarren, inor gutxik botatzen ditu faltan munduko futbol txapelketarako eraikuntza lanetan bizitza galdu duten sei mila hildakoak. Besteak beste, Nepal eta Pakistanetik joandako langileak esklabotza baldintzekin jardun dira lanean hilabete luzez, jaiotza tasa baxuak ditugun herrialdeen gozamenerako kirol festibalik handiena prest egon zedin.

Baina Pakistanen edo Nepalen jendea sobera dago. Bizitza denek ez dute balio bera eta biztanleria hori azkar haz ez dadin hildakoak behar ditugu. Inori axola ez zaizkion heriotzak behar ditugu, dela Nepaleko langile batena, dela Iraneko emakume batena.

Munduaren argazki urratzaile eta etsigarria geratzen ari zaigun egunotan, munduari kantu ezin ederragoak idazten zizkion Pablo Milanesek utzi gaitu. Akaso, gero eta gauza eder gutxiago geratzen zaizkigulako zeintzuei abestu.

Bilatu