Aitziber Pz. Karkamo
Aitziber Pz. Karkamo

Sinestezina ezin asmatu

Salaketa faltsuekin amaitzea baino, LGTBI kolektiboaren kontrako bortizkeria akabatzeak behar du lehentasuna izan.

Zin egin nuen ez nintzela eztabaida gezurtietan sartuko, baina ez dira garai onak sinesgarritasunarentzat. Min eman digu Madrilgo Malasaña auzoan jazotakoak, baina ez nuen salaketa faltsuez baliatzen direnen joko zikinean erori nahi. Bazterretara kondenatu gaituztenen errealitatea ukatzeko modurik onena dira salaketa faltsuak eta ultraeskuina horietaz baliatzen da bere gorroto diskurtsoaren biziraupenerako.

Gertatutakoaz harago, mina  egunero gertatzen ari denak ematen digu. Soilik gora egin duen LGTBIfobia testuinguru lazgarri batean gerta zitekeen sinesgarri gertatutakoa. Salaketa faltsuek errealitatean dute oinarri eta kabida.

Hargatik, ezin onartu Grande Marlaska ministroa izatea honen guztiaren biktima politikoa, berea baita kolokan dagoen sinesgarritasuna. Zein zilegitasun du adin txikiko migranteen itzulera ez legezkoa agindu duen ministroak? Akaso, urteetan tortura kasuei sinesgarritasuna kendu dion epaile batek eduki dezakeen bera. Jakin bazekielako behin bat onartuz gero beste denek zilegitasuna izanen zutela.

Salaketa faltsuekin amaitzea baino, LGTBI kolektiboaren kontrako bortizkeria akabatzeak behar du lehentasuna izan. Malasañakoak tristatu bagaitu ere, poltsa itxuradun ostadar bat zor diogu Gasteizko zeruari eta hori margotuko dugu urtean ezabatu diren pintadek utzitako horma txurietan.

Bilatu