Belaunaldi aldaketa sumatzen dela-eta harrotasunaren manifestazioa gustuko duela esan zidan lagun batek larunbatean Gasteizko kaleetan zehar gindoazela. Horrela da. Azkenaldian izan garen beste aldarrikapen ekimenetan ez bezala, nabaria da ekainaren 28an biltzen den gazteriaren presentzia eta parte hartze aktiboa. Niri, ordea, gazi-gozoa egin zitzaidan, bestelakoetan etorri ohi den jende askoren hutsunea nabaritu bainuen; LGTBIQ+ kolektiboaren aldarrikapenak soilik gureak bailiran eta hedatzen ari den gorrotoak gu kolpatuko ez bagintu bezala.
Elenak ezin izan du bere herriko ekimenetan parte hartu. Ingresatuta dago. Eta gaixotasunari mina gehitu zaio, haren familiak orain 13 urte bere bikotekide transgeneroa denari bisitak zaildu egiten dizkiolako. Guk ere sekretuan joan behar izan dugu bera ikustera, bollera zikinak baikara senideentzat. Bitartean, Budapesten, atxiloketa eta isunen mehatxupean, milaka lagunek parte hartu zuten debekatutako manifestazioan. Viktor Orbanek «nazkagarri eta lotsagarritzat» jo du harrotasunaren martxa eta Bruselari leporatu dio horren antolaketa. Nahiago nuke horrela balitz. Nahiago nuke Europak faxismoari tinko aurre egingo balio eta giza eskubideen defentsarako bestelako deialdietan parte hartzen duten denak geureetara ere gehituko balira.