1 iruzkin

Auzolanean, hitzek harresiak gaindi ditzaten

‘Bidean gaude, aurrera goaz, joan zirenekin’ Ibon Muñoa euskal presoaren hirugarren liburua da eta maiatzaren 18an aurkeztuko da Eibarren; Muñoaren urtebetetze egunean, hain zuzen ere.

Ziegako lau pareten artean ondutako proiektua izan arren, hamaika eskuk mimatutako liburua da, izan ere, auzolanean muntatua da.

Liburua Irrintzi inprenta alternatiboan inprimatu ostean, auzolanean muntatu dute asteburuan hamarnaka eibartarrek.

Gastuak murrizteko asmoz erabaki zuten auzolanean aritzea Eibarko Ibonen lagun eta presoen alde diharduen taldeak. Ibon Muñoak idazten zuena argitaratzeko konpromisoa hartu zuten aspaldi eta argitaratze kontuak eurenak egiten dituzte-eta.

Baina badituzte auzolanean aritzeko arrazoi gehiago: «Ataramiñen lehen ezaugarria euskal preso eta iheslari politikoen lanak kaleratzea da. Zeregin horretan beti azpimarratu dugu lan kolektiboa dela: batek idatzi, besteak lagundu, kartzelatik atera, norbaiti pasatu, harek Ataramiñe koordinatzen dugunoi, editatu, digitalizatu, eroan, zabaldu, saldu, egileari idatzi, kontuak egin… jende askok parte hartzen du lan honetan».

Liburua auzolanean muntzatzeak, beraz, badu Ataramiñeren ezaugarriekin lotura zuzena. Gauzak egiteko modua da. Mundua ikusteko era ere bai.

 Eibarko Arrate Kultur Elkartean aurkeztuko dute dagoeneko Ibonen hirugarren liburua izango dena.

/