0 iruzkin

Euskarazko ikus-entzunezkoak ekoizteko Benito Ansola Beka, zabalik

Loading player...

Euskaltzaleen Topaguneak Benito Ansola Beka banatuko du berriz. Euskal kultura hedatu eta gazteei euskarazko ikus-entzunezkoak ekoizten laguntzea du xede laugarren aldiz banatuko duten beka honek. Ekainaren 2ra arte izango da proiektuak aurkezteko tartea, eta irabazleak 3.000 euroko saria jasoko du ikus-entzunezkoa egin ahal izateko.

Hemezortzi eta 36 urte arteko gazte euskaldunei (ala Euskal Herrian bizi direnei) zuzendutako beka da eta deialdira euskarazko ikus-entzunezko lanak egiteko proiektuak aurkeztu behar dira. Bakarka nahiz taldean prestatutako egitasmoak izan daitezke, eta, gaia zein generoa erabat libreak dira. Aukeratutako proiektuari

3.000 euroko laguntza emango dio Euskaltzaleen Topaguneak eta emaitza hurrengo urteko Euskal Zine Bileran estreinatu beharko da.

Lehen edizioan David Zabalak eta Paul Urkijok eskuratu zuten beka, eta ‘Ohe azpiko zera’ eta ‘Izena duena’ film laburrak ekoitzi zituzten. Bigarren urtean, aldiz, Aitor Gametxo, Maria Elorza eta Maider Fernandez Iriartek jaso zuten saria, eta ‘Irudi mintzatuen hiztegi poetikoa’ film laburra egiteko baliatu zituzten 3.000 eurokoak. 2015ean, azkenik, Irati Cano Alkain donostiarra izan zen garailea, eta iazko Euskal Zine Bileran ‘Leihoak’ film laburra aurkeztu zuen. Post honetan haren trailerra dugu ikusgai.

Benito Ansola Lekeition jaio zen 1928an. Bergaran eta Gasteizen Humanitateak, Filosofia eta Teologia ikasi ondoren, Lekeitioko parrokoa izan da urte luzez. Euskal zinema bete-betean bultzatuzeaz gainera, zinegintza irakaslea izan da Markinako Lanbide Eskolan. 1978an, Lekeition, Euskal Zinema Bileraren sortzaileetako bat izan zen.

/