Oihana Llorente NAIZ

Freddie Mercury Aretxabaletan, tokiko komertzioaren alde

Gabonetan bete betean sartzear gaudenean, tokiko komertzioen salmentak sustatu asmoz bideoklipa egin du Aretxabaletako Aretxarte merkatari elkarteak. AZ Gaubela-rekin elkarlanean, Kepa Errasti aktore aretxabaletarra Queen taldeko abeslariaren azalean sartu dute aurtengo iragarkian. Hartara, Freddie Mercury handiak, herriko zerbitzu eta jeneroa ondo baino hobeto iragartzen ditu.

'Atxabaltan be kriston aukeratzarrak daz!' du goiburu abestiak eta Aretxabaletako dendarien laguntza bereziarekin,  Queen taldeko abeslariak herrian aurki daitezkeen janari denda, ile-apaindegi edota arropa dendak aletzen ditu.

Aretxarte merkatari elkarteak bosgarrenez egin du Gabonetako bideoklipa, herriko saltokietan erostea bultzatzeko asmotan. Aurtengoa, baina, ez da oharkabean gelditu. Atzo zabaldu zuten bideoklipa eta Youtuben 10.000 ikustaldiak gainditu eta Estatu espainoleko hogei bideo ikusienen rankinean sartu da.