0 iruzkin

Iker Araguasi ongietorri beroa egin diote Iturraman

Loading player...

Bederatzi urteko espetxealdiaren ondoren, Iker Araguas Iruñeara itzuli zen atzo, aske. Ongietorri hunkigarria egin zioten berezkoa duen Iturrama auzoan, eta omenaldi xumea jaso zuten bere gertukoek ere.

Momotxorroak, bertsoak, agurra eta abesbatzaren kantuak ez ziren falta izan, irriak eta malkoak nahastu ziren ekitaldian. Ahotsa. infok ekitaldiko une ederrenekin bideo ekoiztu du.

Ocaña II espetxetik atera zen atzo goizean gazte iruindarra. Senide eta lagunak zain zituen kartzela atarian.

Iturramako gaztea 2008ko urriaren 1ean atxilotu zuen Iruñean Polizia espainolak, Ibai Azkona, Gorka Sueskun eta Mikel Flamarikerekin batera. Auzitegi Nazionaleko Fernando Grande Marlaska epaileak agindu zuen operazioa eta Segiren aurkako sarekaden baitan kokatu zuten. Handik astebetera beste lau gazte atxilotu zituzten Iruñerrian –Iker Aristu, Mikel Marin, Iñaki Marin y Diego Octavio–, haiek ere Segirekin zerikusia zutelakoan.

Guztiak inkomunikatuta eduki zituzten eta torturak salatu zituzten.

2015ean epaitu zituzten Iruñerriko hamar gazte Segiko kide izatea leporatuta, horien artean Araguas bera. Hasiera batean fiskalak hamar urteko espetxe zigorra eskatzen zuen arren, gero eskaera sei urtera jaitsi zuen. Azkenean, guztiak absolbitu zituen Auzitegi Nazional espainolak. Epaiketan zehar inkomunikazio aldian jasandako torturak salatu zituzten gazteek.

Hala ere, Iker Araguasek kartzelan jarraitu zuen, 2010ean, beste epaiketa bat medio, kondenatu egin zuelako Auzitegi Nazionalak, kale borroka erasoak leporatuta.

/