Naiz+ Naiz+

Katalina de Erauso pastorala prestatzen ari dira Baionan

Baionan zein Donostian izango da Katalina Erausoren inguruko lehen pastorala. Lehena ekainaren 5ean izango da eta irailaren 4ean, aldiz, Donostian. Maite Berrogain Ithurbidek idatzi du Katalina de Erausoren pastorala eta Kanaldudek erakusten digun modura prestaketa lanetan dira dagoeneko.

Baina nor da Katalina de Erauso? «Moja alfereza» ala XVII. mendeko transexuala?

Katalina Erauso, Moja alfereza ezizenarekin ezagun egin zen emakumea Donostian jaio zen, XVII. mendearen amaieran. Miguel Erauso eta Maria Perez Galarraga izan zituen guraso, eta, bere autobiografiaren arabera, 1585ean jaio zen. Antiguako domingotar mojen komentuan sartu zuten gurasoek 4 urte besterik ez zituela, Isabel eta Maria ahizpekin batera. Beste moja batekin izandako liskarraren ondorioz, baina, beloa erabat hartu baino lehen komentutik ihes egitea erabaki zuen 15 urte zituela.

Abiatuarekin gizon jantziak egin eta ihes egin zuen. Handik aurrera gizonez jantzita ibili zen munduan barna eta Francisco de Loyola izena ipini zion bere buruari.

Gasteizera joan zen lehenengo, Valladolidera ondoren eta Bilbon zegoela espetxea ezagutu zuen lehen aldiz. Aiurri biziko pertsona, azkar oldartzen zen iseka egiten ziotenen aurka; gainera, gaztetatik izan zituen armak gustuko. Lizarran eta Donostian hainbat hilabetez ibili ostean, 1603an Ameriketara joatea erabaki zuen garaiko euskaldun askok bezala. Esteban Eguiño osabaren galeoian txo moduan egin zuen Ameriketarako bidaia, osabak Katalina ezagutu gabe, noski. Porturatu orduko osabari 500 peso ostu eta ihes egin zuen.

Ez dago batere argi Katalinak zergatik jarraitu zuen aurrerantzean ere beti gizonez jantzita, garai hartan Ameriketara joaten zirenen artean emakume asko ere izaten baitziren tartean. Testu ugari idatzi dira Katalina Erausoren gainean eta lesbiana zela aipatzen da horietako askotan. Garaiko jendartean pentsaezina zen aukera sexuala zen lesbianismoa eta horregatik uste da janzten zela gizonez. Gaur egungo begiekin, baina, transexualtzat ere jo genezake Katalina Erauso.

Behin Ameriketan, lana topatzea izan zuen lehen egitekoa eta bertan zeuden euskaldunen eskutik lortu zuen. Perun, Juan de Urquizu merkatariaren laguntzari esker, Sañako janari denda batean aritu zen dendari. Sañan zegoela, baina, bere lehen heriotza eragin zuen Katalinak, hain ohikoak zituen liskarretako batean. Juan de Urquizuk fidantza ordaindu eta kartzelatik askatu zuen arren, alde egitea gomendatu zion, eta, hala, Limara joan behar izan zuen. Ordura arte emakumeekin harremanak izatea ekidin zuen arren, Liman «limurtzaile eta andrezale» gisa ezagun egin zen Katalina. Emakumeen artean maitale onaren fama hartu zuela diote haren gainean idatzitako artikuluek. Maitasun istiluek bultzatuta, baina, Txilera bidaiatu eta bertan soldadu egitea erabaki zuen.

Txilen, anaia zuen Miguel Erauso kapitainaren agindupean ibili zen gudan, 1.600 gizonezkorekin batera. Anaiak ez zuen Katalina ezagutu. Anaiarekin izandako eztabaida baten ondorioz, Paicabí indigenen lurraldera erbesteratu zuten; bertan, indigenen aurka erakutsitako krudelkeria eta ankerkeriagatik egin zen ezagun.

Valvidiako batailaren ostean, Katalina alferez izendatu zuten erakutsitako ausardiagatik. Alferez zela, bataila batean bere konpainiako kapitaina hil egin zen, eta, hala, berak hartu zuen agintea, arrakastarekin gainera. Aldiz, liskarrez liskar aritzen zenez, ez zioten kapitan maila eman. Ez hori bakarrik, hain ohikoak zituen liskarretako baten ostean, Miguel anaia hil egin zuen duelu batean. Azkenean, Andeetatik barrena Argentinara hanka egin zuen justiziatik ihesi. Handik ere Boliviara ihes egin behar izan zuen Perura itzuli aurretik. Hain zuzen ere, bertan eman zen jakitera azkenean emakumea zela. Liskar batean zauri oso larriak jasan ostean, Guanamangako apezpikuaren etxean babestu zen, eta, hil zorian zela, emakumea zela aitortu zion. Honek sinetsi ezinik emagin bati deitu zion, eta, emaginak, emakumea zela egiaztatu zuen.

Moja alfereza eta bere historia harrigarria berehala egin ziren ezagun munduan barrena, eta, apezpikuak bultzatuta, abitua hartu zuen berriro Katalinak. Hiru urteren buruan, Europara itzultzea erabaki zuen. Espainian Felipe IV.a erregeak eta Erroman Urbano VII.a aita santuak egin zioten harrera. 1624an bere autobiografia idazten hasi zen Katalina eta hurrengo urtean ikusi zuen argia.

1630ean Ameriketara jo zuen berriro Katalinak, Mexikora zehazki. Gizonez jantzita joan zen berriro, Moja alfereza goitizenaren zamatik ihesi, izan ere, ezaguna bai, baina kritikatua izan zen oso Katalina. Antonio Erauso izena hartu zuen bere bizitzako azken urteetan Katalinak eta Mexikoko Veracruz hirian bizi izan zen, itzain gisa lana eginez. Bertan hil zen, 1650ean.

Info + : Historia ofizialaren bidezidorretan ahaztutako protagonistak