Ruben Pascual
Ruben Pascual

Beldurra

«Beldurrak gobernatzen duen mundu batean bizi gara. Beldurrak agintzen du, boterea beldurrez elikatzen da; zer litzake boterea beldurrik gabe? Botereak berak betikotzeko sortzen duen beldurrik gabe?».

Eduardo Galeanoren hitzok ederki erakusten dute zeinen arma indartsua izan daitekeen beldurra. Mundu guztian barrena, pertsona guztiek dute beldurra. Lana galtzeari, batzuek; hiltzeari, beste askok; makina bati, aldiz, bakardadean pentsatze hutsak jartzen dizkio kirioak dantzan. Beldurra sentsazio naturala da, normala. Berezkoa zenbait kasuetan, baina kanpotik eragindakoa askotan.

Behin erraietan daukagula, zaila da argitasunez jokatzea, hausnartzea. Norbaitek lekzioa ondo ikasita badauka, hori boterea da. Boterea galtzeko arriskua gertu ikusten duenean, areago.

Aldaketa garaian, stablishment delakoaren aldekoek ederki dakite beldurraren karta hori jokatzen. Eskoziaren independentziari buruzko erreferendumean, faktore erabakigarria izan zen ikara Londresek bideratutako kanpainan: dirurik ez zela egongo pentsioak ordaintzeko, Europako Batasunetik kanpo, linbo batean legez geldituko zela herrialde jaioberria, libra esterlinarekin ezingo lukeela jarraitu…

Gertuago etorrita, argi dago aldaketa sekula baino gertuago dagoela maiatzaren 24ko zitan. Nafarroaren kasua daukagu denok ahotan, baina Araban gerta daitekeena ere ez dugu begien bistatik galdu behar.

Eta, noski, poltronak galzorian dakusaten horiek ari dira beren kartak jokatzen. Esparza, «vasco»-en aurrean, «benetako nafar esentziaren» jagole gisa aurkezten zaigu. Antzera dabil Maroto, De Andres eta enparauen PP Araban. Alfonso Alonsok berak azpimarratu zuen Araba dela «Espainia zatitu nahi dutenen» aurkako balazta.

Galdutako boterearen falta sumatzen dutenek ere tresna bera hartu dute esku artean. Gipuzkoa eta Donostia «paralizaturik» edukitzea egozten diote EH Bilduri –berdin dio datuek kontrakoa baldin badiote– eta beraiek soilik atera dezakete aurrera herrialdea.

Beldurra, dudarik gabe, arma eraginkorra da. Badakite jakin behin barruan sartuta oso zaila dela ateratzea. Baina izan dezagun gauza bat argi: egun bizi dugun egoera makurrera ekarri gaituztenek ez gaituzte salbatuko. Erregimena sustengatu eta orain gainbehera datozen haiek, are gutxiago.

Eta beldurraren aurrean, badugu osagai indartsu bat: Ilusioa.

Bilatu