Bidelagunak
«Nor nolako lagunak halako». Esamoldea buruan dantzan dabilkit kanpainak azken orduak bizi dituen honetan.
Egiari zor, etiketak jarri zalea izan da beti gure herria. Janzkera, hitz egiteko moduak edota izaerak berak aukera ematen digute aliritzira jendea klasifikatzen joateko. Kasik denborapasa gisa barneratua daukagula esango nuke.
Baina zer diote gutaz lagun ditugunek? Zein neurritan definitzen gaituzte gure aldamenean daudenek?
Hasiera batean irudi lezakeena baino gehiago esaten duelakoan nago ni behintzat. Maila handiko eztabaidarik utzi ez digun kanpaina honen bukaeran, argazkiei begiratua egiteko beta hartu dut.
Ikusi dugu Ciudadanos alderdiak lehen mailako babesak jasotzen, tartean Leticia Sabater edo Melendi. Halakoek mesede edo kalte egiten ote duten, zinez, ez naiz esateko gai.
Ese ciudadanos arriba bravo por Albert Rivera pedazo de tío de los pies a la cabeza me encanta besazo para el partido pic.twitter.com/n20aYCGrfF
— Leticia Sabater (@SABATERLETICIA) Mayo 7, 2015
Euskal Herriari dagokionean, PSOEko idazkari nagusi den Pedro Sanchez etorri zaigu alderdiko hautagaientzako botoa eskatzera. Rajoyk bera edo Soraya Saenz de Santamariak ere tartea egin dute beren agendetan Maroto eta enparauen hautagaitzari bultzadatxoa egiteko.
Para poner fin a la resignación y conseguir un cambio seguro lo útil en Donostia es votar a @gasco63 pic.twitter.com/JVSWvscjvw
— Pedro Sánchez (@sanchezcastejon) Mayo 12, 2015
Baina badira bi argazki deigarriak. Adierazgarriak oso. Tafallan ateratakoa bata, eta Donostian bestea. Batean, Lucio Urtubia (telebista saio batean agertu aurretik ere, batzuek kontrakoa uste zuten arren, ibilbide luzekoa). Pepe Mujica eta Lucia Topolansky, bestean.
[VÍDEO] Mujica y Topolansky, en Donostia con los candidatos de EH Bildu http://t.co/uge9iOpwEe pic.twitter.com/VYgkRkAosW
— naiz: (@naiz_info) Mayo 20, 2015
Nor bere eremuan. Nor bere lekuan. Baina guztiak dira erreferente eta, zalantzarik gabe, bultzada eman diote Euskal Herria Bildu koalizioaren hautagaiei.
Bidegurutze batean bagaude, erreparatu dezagun bidaideengan. Bidelagunek uste baino askoz gehiago esaten digutelako bideaz.
