Ruben Pascual
Ruben Pascual

Eskaintzak eta ekintzak

Kanpaina bukaera hurbiltzen doan heinean, gero eta nabarmenago ikusten ari gara zein den zenbait sektore politikok euskal jendartearentzat daukaten eskaintza. Har bitez, behintzat, froga gisa Ama Laranjaren plazan ikusitako irudiak edo han-hemenka atxilo hartu dituzten txiolariak.

Ekintzez eta ez hitzez erakusten dute, zer den eskaintzeko daukatena. Aipatutako irudiek erakutsi digutena ez dugu mitinetan entzun. Ez dugu bozka eskatzen diguten hamaika kartel horietako batean ikusi. Eta ez, beren programetan ere ez dugu halakorik irakurri (agian programan egongo da, baina tira, inork irakurtzen ez dituenez…).

Batzuek gazteriaren inguruan pentsatzen dutena, besteen polizia integral eta gertukoaren kontzeptua...

Baina bereziki gustora ikusi dudana Javier Maroto Gasteiz «moderatuko» alkatea izan da, bere saltsan. Eta zalantzarik ez du izan, gainera, hiriburuan jazotakoa politikoki bere alde erabiltzeko.

Kanpaina honetan zehar eginahalak egin ditu PPren siglak ezkutatzeko. EAJ eta PSEren publikoari botoa eskatu bai, baina bere alderdia, PP, ia aipatu ere ez du egin. Bere alderdia ere murrizketena delako. Eta etxegabetzeena. Eta mozal legea delakoarena ere. Eta giza duintasuna mugatzen doazen beste hamaika neurrirena ere. Horregatik ez dakar hitzetara Marotok bere alderdi «popularra».

Siglen gainetik Gasteiz hobe baten alde egin nahi du, nolabaiteko apolitikotasun baten atzean ezkutatu nahi balu bezala. Baina nola ahaztu Gasteizko herri harresian egondako gaztean jipoitzen ari ziren bitartean bera garbiketaz baino arduratu ez izana? Nola ahaztu iruzurraren aurkako kanpainaz mozorrotuta etorkinen aurkako bere gurutzada?

Besterik erakusten tematuta daude, baina beren ekintzei benetan nahi dutenaren usaina darie. Usain nabarmenegia ezkutaketan jolasteko.

Bilatu