Ruben Pascual
Ruben Pascual

Eskubidea vs. EZkubidea

Bitxia da gero politikarien hizkera. Denek hitz egiten dute herriaren izenean. Denek dakite –gainerakoek baino hobeto, noski– zeintzuk diren herritarren nahiak edo zerk kentzen digun logura. Denek. 100.000 boto dauzkatenek nola, hala egiten dute ere ordezkapenik txikiena dutenek.

Titular askorik ematen ari ez den kanpaina honetan ere erabakitzeko eskubidea mingainetan dantzan darabilte hautagaiek. Guzti-guztia Euskal Herrian erabaki beharra dagoela aldarrikatzeko batzuek, gehiengo zabal baten nahia horixe delako. Beste batzuek, aldiz, argi eta garbi esaten digute –gehiengo zabal baten izenean ere, nola ez– jendartea ez dela holako txikikerietan pentsatzen ari.

Demokrata izatea eta erabakitze eskubidea defendatzea bateraezina dela entzun behar izan dugu. Burujabetza ameskeria hutsa dela dioenik ere ezagutu dugu.

Erabakitzeko eskubidea eta EZkubidea aurrez aurre.

Alderdiak elkarri mokoka aritzeko gaia ere bihurtu da erabakiaren kontu hau. Nafarroan bereziki ikusi dugu: erabakiak Iruñean hartuko dira ala ez. Horra eztabaidarako gai potoloa. Kanpainan egonik, denek baiezkoa diote. Ezin du bestela izan. Haurtxoak bezalaxe imajinatzen ditut nik, txintxo aurpegia jarri eta buruarekin gora eta beherako keinua eginez, esandakoak indar gehiago izango duelakoan.

Esperientzia, baina, irakasle ona da eta nafarrek aski ongi dakite baiezko horiek zapaltzeko zenbat aldiz etorri diren kanpotik erabakiak. Eta zeintzuk izan diren ondorioak.

Orain, aldaketa esku-eskura dagoela, kalkulagailua eskutan dute denek, zenbateko babesa beharko litzatekeen UPNren erregimena kanporatzeko. Luparekin begira hasita, Ahal Dugu-rengan pausatzen dira begiak sarri. Nafarroan erabakitzea beste alternatibarik ez dagoela diote, baina udazkenean Estatu mailan izan daitezkeen bozei begira dagoen zuzendaritza nagusiak utziko ote dion zalantzan da.

Erabakitzen utziko ote diete? Erabakitzeko eskubidea daukate? Pablo Iglesias ahalguztidunak jada markatu du zein den jokalekua. «Kondena» entzutetsuaren baldintzapean baino ez dute EH Bildurekin akordiorik egingo.

Koalizioak ez ditu hitzok ondo hartu, «politika berririk irudikatzeko oso zahar» ikusten dituelako. Eta galdera jaurti du EH Bilduk: «Dena erabakitzearen alde daudela diote, baina non? Euskal Herrian erabakitzearen alde? Baita Katalunian ere? Ala Espainian erabakitzea nahi dute?».

Mahai gainean da, hortaz, hauteskunde hauetako gako nagusietako bat: Erabakitzeko eskubidea edo Erabakitzeko EZkubidea.

Zilegi da alderdi bakoitzak, dituen helburuen arabera egokien estrategia hautatzea. Hori bai, nafarrek boto kutxetan aldaketaren alde egiten badute eta kanpotik galarazten baldin bada, izango ditu bere ondorioak. Aldaketa edo erregimena. Horra erabakitzeko gaia. Izango al dute denek eskubidea?

Bilatu