Ruben Pascual
Ruben Pascual

Hitzik gabeko komunikazioaz bi hitz

Ez da atzo asmatutako ezer, baina tarteka komeni da gogora ekartzea komunikazioa ez dela hitz soilez esaten dugun horretara mugatzen. Askoz gehiago da. Paralinguistika, edota hitzik gabeko komunikazioa, hain da garrantzitsua, ezen batzuetan hitzez esan nahi duguna ia baliogabetu egiten duen, hartzaileari kontrako mezua helaraziz.

Begirada batek, mugimenduek, hitz egiterakoan eskuak astintzeko moduak, keinuak... Hitzez beste, hamaika modu daude komunikatzeko, gure hartzaile izan daitekeen horrengana iristeko. Hau guztia, esan bezala, jakina da. Baina, egiten al diote jaramon gure politikariek? Zalantzak ditut, eta deigarriak egin zaizkidan bi adibide jarriko ditut.

Bata, Jose Javier Esparzaren eta Adolfo Araizen arteko aurrez aurreko eztabaida da eta, bestea, Argiak kaleratuko duen Markel eta Xabier Olanoren artekoaren aurrerapena.

Aipatutako guztia ulertzeko, nahikoa litzateke bi bideook bolumenik gabe ikustea, hitzak ez diren beste guztiari erreparatzeko beta hartzea. Nola Esparzak hala Markel Olanok keinuen zein aurpegieren gogortasunaz transmititzen duten mezu negatiboak eramaten nau pentsatzera agian komunikazio arduradunek ez diotela behar besteko garrantzirik eman gai honi.

Nahita bilatutako zerbait bada, interpretatuko nuke boto emaile konbentzituak txaloka jarri eta aktibatzera mugatutako estrategia dela. Zilegi da hautua, noski, baina baldar samarra nire uste apalean.

Edonola ere, ez dagokit niri ez Olano ez Esparza eta ez beste inoren hautagaitzaren komunikazio aholkularitza lanak egitea.

Maiz baztertu samarrik dagoen hitzik gabeko komunikazioaren aldarrirako hitz gutxi batzuk baino ez dira. Hausnarketarako gonbidapen xumea.

Bilatu