Ariane Kamio
Ariane Kamio
7k-ko editorea

Esan

Andoain. Maiatzak 14. Arratsaldea. 19:30. Kale Nagusian behera. Maindiko iturriaren ondoan. Gipuzkoanoko ertzean. Karpa zuri bat. Jasotze lanak hasita. EAJko hautagaiak.

Ehun metro iristeko. Irudimena askatu zait bere lotuneetatik. Kanpainako afitxak banatzen irudikatu ditut. Zer egin, hori galdera gerturatu ahala. Eskainitakoa hartu edo ezezkoa eman. Dios. Larritasuna sentitu dut une batez. Baliogarritasunik emango ez badiot ere, elegantziaz jokatzea izan daiteke hartuko nuen erabakia. Jaso, eskerrik asko eta agur. Bizkar eman eta ezezkoa esatea liteke beste aukera. Askoz gehiagorik ez dago. Edo zer?

Lurrera itzuli eta haur bat ikusi dut begien aurrean. Aitarekin doa. EAJren puxika zuriarekin ari da jolasean. Pentsatuko zuen aitak alabak globoa eramateagatik alderdi jeltzalearen bozkatzailetzat hartuko dutela? Bere lekuan jarrita, niri bost uste horien dantza. Puxika zikin batek besteen begietan izan dezakeen balio sinboliko hutsala. Baina puxika bat baino ez. Airea baino ez.

Iritsi naiz karpara. Hautagaiak bertan dira oraindik. Ezagunak haietako asko (guztioi gerta moduan, ala zuk ez duzu beste alderdietako inor ezagutzen?). Agur eta agur. Utzi ditut atzean. Eta herritarron artean dauden (dauzkagun) tabuekin hasi naiz jolasean. Larrosak, globoak, goxokiak... Kanpainako opari zerrenda amaigabea. Identifikagarriak denak. Tabuak denak gureak ez diren alderdietan.

Zimeltzen diren loreak. Husten diren puxikak. Urtzen diren karameloak. Desagertzera kondenatuak denak. Eta esatera ausartzen ez garen beste hainbat kontu. Ideia eta gauza asko denon buruan itzulian dabiltzanak, baina kanporatzeko aho zulorik nekez bilatzen dutenak.

Inozokeriak baino ez zaizkigu burutatzen maiz, egoera arrunt baten aurrean nola jokatu ez dakigunean. Horiek ere badira kanpainako aferak. Bakoitzak bere parrokian isilik eramaten dituenak. Lastima.

Bilatu