Ariane Kamio
Ariane Kamio
7k-ko editorea

Ilusioa

Ez da ona atzera begira egotea. Ez gehiegi behintzat. Ez behintzat egungo testuinguru politikoan. Behintzat helburu berriak lortu nahi badira. Etorkizunari begira jarri nahi badugu. Behintzat.

Baten batek akabatuko nau atzera begira egotea batzuetan ergelkeria dela esaten badut. Izan zirelako gara eta garelako izango dira. Bai. Arrazoi. Horretan eztabaidarik ez. Ezin zalantzan jarri ez gure historiaren kapitulu bakoitza eta historia pertsonalaren pauso bakar bat ere. Egindakoa egina dago. Ez da gehiago itzuliko.

Ados. Balia dezagun gure memoria beraz bizipoza eragiteko gaitasuna izan duten momentuetara. Planteamentu subjektiboa. Bai. Horretan ere bai. Arrazoi. Baina kolektiboki badira ez hain urrun irribarrea aurpegian marraztu zizkiguten pasarteak.

Lau urte igaro dira Bilboko gaur hartatik. Gau frenetiko hartatik. Biharamuneko azal hartatik: "Bildu legal, ganamos todos". Lehenengo legegintzaldiak abiatu zituen erabaki hark herri askotan, zortzi urteko lehorraldi ilegalizatu hari amaiera emanez.

Ilusioa. Hura hitza. Ilusioa piztu zuen 2011ko bozetan gutxienez 300 bat mila herritarrengan. Eta beste askorengan ere. Ziur nago. Bozak beste norabide batera bideratu bazituzten ere.

Ilusioa. Lau urte. Eta ez nolanahikoak. Aferatik aferara desgaste politikarako estrategiak. Agintaldi baldintzatuak. Zailtasunak. Ezintasunak.

Ilusioa. Orain arte lortutakoa lortuta dagoela barneratzen ez bada nekez piztuko dira ilusio berriak. Galtzeko gutxi eta irabazteko asko. Dena esango nuke nik. Gaitasuna behar da atzera begiratzerakoan zentrifugazio programa sakatu eta esentziarekin soilik gelditu ahal izateko. Eta aurrera egiten laguntzen ez duten trabak gainditu ahal izateko.

Ez da ona atzera begira egotea. Ez da ona, atzeraka bultzatzen jarraitzen badu behintzat. Eta gai gara, orain arte erakutsitakoagatik, bederen.

Bilatu