Eli Pagola Apezetxea
Eli Pagola Apezetxea

Su emango diogu «haieneai»

Korrika al da Euskal Herriko ekimen arrakastatsuena? Odolberoek, oraintxe, baietz esango dizute; pragmatikoek futbol-zelaien aforoa eta partiden maiztasuna gogoraraziko. Gaur, Korrikaren euforiarengatik ezinbestean, futbolak hozkia eragiten ez dionaren pertsonalitatea neuretu dut eta, benetan, pozten naiz partida batek Korrikak adinako ilusioa dakarkion kirolzalerik bada; bi urtez behingo emozio uholdea asteburuero bizitzeak ez du makala behar. Ez da, ordea, hori zutabetxo honetara ekarri nahi dudana. Aitortu behar dut ez naizela ekimenekin izugarri emozionatzen den horietakoa, ez naiz «gora etortzen» eta aseptikoaren ospea dut. Eta, hala ere, ostiralean mugikorreko pantailari pega-pega eginda egon nintzen Korrikak Izpegiko lepoa igotzen zuen bitartean; sekulako poza eragiten zidan gainean egongo zen festa giroa imajinatze hutsak eta, gure herritik pasatzeko 4 egun falta badira ere, zin dagit airean badela halako ilusio bat. Korrika eta udaberriaren etorrera poetikoa eta guzti egin zait eta!

Udaberriak udaberri, Korrikak badu bete-betean asmatutako gako bat: Korrika ez dela korri egitea bakarrik. Klixe bat dirudi, baina benetan da. Korrika Kulturalari esker astearte buruzuri batean musika emanaldia izaten da; edo ostiral arratsaldean bertso eskolako gazte-saio bat planazo bat da; edo kuadrillak elkarren artean nahasten dira tortilla dastaketa egiteko. Tarteka itzali samar sumatzen den txispa hori pizten du Korrika Kulturalak eta kilometro bat korri egin ostean arnasa hartzean sumatzen den oxigeno dosiaren antzera deskriba daiteke. Ezohikoa da ostiral eguerdi batean, kuadrilla bat aldapa gora korrika ikustea, ezohikoa den bezala kultur arloari halako presentzia ematea. Korrikaren web ofizialean begiratu besterik ez dago zenbat eragile eta erakunde dauden hemen, euskararen alde, eta nola bihurtzen den zeharlerro 10 egunez. Gero etorriko dira baxoa, hizkuntz eskakizunak, zonifikazioa eta abar luze bat. Ez dugu merezi euskararen sostengua herri-ilusioa bakarrik izatea.

Bilatu