Eli Pagola Apezetxea
Eli Pagola Apezetxea

200 euroko arrautza

Ez dakit zer duzuen karreteran bizikletaz ibiltzera ausartzen garen emakume gutxion kontra. Nahikoa da bigarren mailako errepide batean pedalei eragitea oihuak, isekak eta bozinakadak jasotzeko.

Berrehun euroko arrautza. Uste dut ordaintzeko prest ote gauden gogoetatzeko unea dela. Izan ere, norbera dagoen lekuan egoteak besteengan sortzen duen azkurak dezente du mingotsetik. Zu bertan egon zintezke, eskubidea duzu eta legez arautua dago, baina populuak ez zaitu bertan nahi, ez dago zure presentziara ohitua eta zure hobe beharrez oldartuko zaizu. Gehi diezaiogun beste aldagai bat: ez zara zu, zuek zarete. Ez naiz hemen frogatzen hasiko masa homogeneo batean salbuespenezko partikula batek duen eragina eta partikula multzo batek osatutako nukleoaren integratzeak duen eragina alderatzen. Bakar-bakarrik esango dut parke botanikoetako zuhaitzak ederrak direla eta pareko magaleko eukaliptadia krimen ekologikoa.

Tesia eremuz mugitzeko ez da abilezia askorik behar eta errepidera eramango dut oraingoan. Ez dakit zer duzuen karreteran bizikletaz ibiltzera ausartzen garen emakume gutxion kontra. Nahikoa da bigarren mailako errepide batean pedalei eragitea oihuak, isekak eta bozinakadak jasotzeko, beldur gaitezen gugandik zentimetro gutxira aurrera gaitzazuen, arrazoirik gabeko oldarkeriaz hatz erakuslea atera diezaguzuen binaka beharrean banaka joan gaitezen aginduz edo erdiko hatza, ez banaka ez binaka, taldean haizea hartzera joan gaitezen iradokitzeko.

Ez zarete segurtasunaren bermatzaile sutsu, bistan da. Kirolari itxurarik ez duten emakumeak errepidean topatzeak erre egiten dizue barrua eta, hemendik ere, bidali egin nahi gaituzue. Bada jakin ezazue (espainiar) Buletin Ofizialeko (BOE) Trafiko, Motordun Ibilgailuen Zirkulazio eta Bide-segurtasunaren 36. artikuluaren arabera txirrindulariak taldean eta bi zutabetan joan gaitezkeela. Behin legedia ikertzen hasita, sakondu egin dut. Ibilgailu baten bidea oztopatzea 200 euro inguruko isuna da. Zirrikitu legalak aurki daitezke baina uste dut halako gidari bati aurpegira arrautza bat botatzea infrakzio-sail horretan sartuko litzatekeela. Sareak sortu ditzakegu, erresistentzia kutxak... Ondo antolatuz gero, arrautza batek baino gehiagok bukatuko du zuen aurpegietan.

Bilatu