Eli Pagola Apezetxea
Eli Pagola Apezetxea

Apirilaren 22ari

Bat: Hur EAEkoa ez den hiriburu bateko manifara joango da. Bi: Gasteizko eta Bilboko manifara joango direnek, bost ordu beranduago, aukera dute kausa bera duen manifara joateko. Hiru: Piku ez da Bilboko 12.00etako deialdira joango. Lau: Zumar eta Piku arrazoi beragatik manifestatuko dira, baina hiri eta ordu desberdinetan. Bost: landa eremuaren defentsan egingo den manifestaldia hego Euskal Herrian izango da, Donostiakoaren ordu berean. Sei: Zumar, Ametz eta Hur, goizean beste zeregin batzuk dituztenez, arratsaldean mobilizatuko dira arrazoi desberdin banagatik. Zazpi: Sahatsek diru-sarrerak bermatzeko errenta kobratzen du eta, legez, egun-pasa EAEtik atera badaiteke ere, badaezpada, Gipuzkoako, Bizkaiko eta Arabako mugen barruan geratzea erabaki du. Zortzi: Baionara joango dena Ametz da eta, beraz, osasungintza publikoaren manifestazioaren berri prentsaren bidez jasoko du. Bederatzi: hiru deialdi daude osasungintza publikoaren alde.

Hur, Ametz, Piku, Zumar eta Sahats. Ea ondorioztatzen duzun nor doan zein hiritako manifestaziora, zein ordutan eta zeren alde aldarri egitera.

Baionan, Bilbon, Gasteizen, Donostian eta Iruñean. Datorren larunbatean, apirilaren 22an, Euskal Herriko bost hiriburutan manifestazioak izango dira; hauek, hizkuntza politika duin baten alde; horiek, osasungintza publikoaren alde; eta haiek, landa eremuaren defentsan. Agian, mobilizatzeko arrazoiak ugariak bezain pisuzkoak izanik, deialdi batera  baino gehiagora joan nahi eta ezinaren lastimaz geratuko zara, logika-jolasak marjina txikia uzten duela eta. Bestela begiratu dezakegu; Euskal Herrian bada zer aldarrikatua, ehunka eragile ari dira militantzia lanean eta hainbestekoa da aktibazio soziala ezen egun berean pilatzen zaizkigun mobilizazioak. Dena esatera, alde ederrekoa da ahal baino deialdi gehiagotara joan nahiaren sentipen garratza, ahal izanda ere mobilizazio deiei ez erantzutearekin alderatuta.

P.D.: Manifestarien izenak ez bezala, manifestazioen kausa, hiri eta orduak errealak dira. Gorde agendan.

Bilatu