Eli Pagola Apezetxea
Eli Pagola Apezetxea

Atari bat piper

Ez naiz ni azken orduko nobedadeetan oso jantzia egoten, literalki ere ez naiz moda-modan dagoen horrekin luzitu ohi eta ez beti hala nahita. Behin izango berrietan berriena esku artean eta, hara non, aizue, zahar kutsua duen!

Onintza Enbeita Maguregik “Bizitza baten txatalak” liburua argitaratu berri du, Feli Madariaga Torrealdairen sukaldeetaraino garamatzana. Lurrari emana den andrea da Feli eta uste izatekoa da bi nekazarien arteko elkarrizketak liburu forma hartu duela, besteak beste, pare bat orriko elkarrizketara mugatu behar izan balute esan eta entzuteko gehiegi utzi beharko zituztelako bidean, eta, zer nahi duzue esatea, irakurle bezala ederra da kontakizuna dagokion tempo eta tonuan irakurri ahal izatea. Ez nioen horregatik, ordea, zahar kutsua hartu diodala eta, agian, ‘zahar’ hitza ez da egokiena. Beharbada, vintage da hitza, nahiz vintagek zahar esan nahi duen. Retro esango dugu. Liburu txiki retro bat da zuri-beltzean baina urdin tonu batez jantzia, 80ko hamarkadako Auspoa bilduma bezala! Hemengo bertsoek ez dute hangoen inbidiarik, gainera.

Piperra bere mami eta guzti hartuta, berriz, Feliren kontakizuna klip modukoetan banatu du egileak eta horretan zeren antza hartuko eta Ahotsak.eus atariarena. Han ere elkarrizketa luzea egin eta, ondoren, gaiaren arabera zatikatzen zuten hitz-aspertua. Minutu gutxitan han, orri gutxitan hemen.

Hain zuzen, aktibatu zaizkidan bi erreferentzia horiekin lilura berezia sortu dit liburuak, antzezlan bateko zein liburu bateko protagonista izateko gaia duen andreak eta garai honi ekar diezaiokeenak. Ezagutzatik, errespetuz eta idealizaziorik gabe egindako lana behar du izan; konfiantza itsua daukat Onintzarengan eta atarian zintzilik lehortzen dauden piperrak usaintzeraino heltzea baino ez dut espero. Felik liburu honetan kontatzen duena beste emakume askoren bizitza izan omen zitekeen, baina hori beste askotan ez denez kontatua ez izateko aitzakia izan, konta daitezela horrelako gehiago.

Bilatu