Eli Pagola Apezetxea
Eli Pagola Apezetxea

Besteak

Nik ez dut bengalez testu bat idatzi nahi, graduak eta karaktereak falta zaizkit horretarako. Nik ez dut testu bat idatzi nahi, nire gogoak ez baina momentuak eskatzen duelako. Nik ez dut idatzi nahi parte ez naizen zerbaiten errepresentazioan. Abiapuntu legarra da, gainera, zeren, salaketan bertan esan da ez dakiela erasoa energia berriztagarrien gaian hartu duen posturagatik ote den baina, hala ere, irmo eutsiko diola eskala guztietako berriztagarrien zabalpen masibo ordenatuaren tesiari. Beraz, ez badut irakurketa okerrik egin, esaten da ez dela jakina nor den ekintzaren egilea baina iradoki egiten da nor den. Ez da gertakarien erabilera politiko oso ilusionagarria, zer nahi duzue esatea.

Trumpen kapitalismo fosilari aurre egin beharra adierazi eta bide horretan aldamenekoaren zilegitasuna, gutxien-gutxienez, zalantza jartzearen hori gogaikarria da. Aitari parez pare hitz egiteko amaren esanari indarra kentzen eta gutxiesten duen seme nerabea bezala.

Nik ez dut gaiaren gainean horrela idatzi nahi, mokoka aritzearen antza hartzen ari delako, ahoa zabaltzea bestetasun bat markatzea izaten ari delako eta, are, bestetasunaz hitz egiten delako batik bat. Guk ere badugu bailaran herri ekimen bat askotariko sentsibilitateak biltzen dituena eta, lokalki errotutako eztabaida gunea ere badenez, gehiagoren bilgune izatea ahalbidetuko duen oinarri bat mantendu nahi duena; kontrakotasunaz gain, ardura kolektiboak partekatu nahi dituena; eta, inoiz, etxe barruko alderdikerien suak apaltzea egokitzen zaiona. Eta gero Trumpen txotxongiloa izatearen txorakeriak. Nork sentitu nahi du lagunekin banillazko izozkia jaten ari zen bitartean heliozko globoak ihes egin dion haurra, «nora begira geunden desastre hau gertatzen ari zen bitartean?».

Nik ez nuen guzti horretaz idatzi nahi, nik nahiago nuen monolaborantzaz, auzolanez, arrakalez, errekaz, mugikortasunaz edo liburutegiz liburutegi aurkitzen ditudan teknikari-andre adeitsuen inguruan idatzi. Baina euli geldoen modura erori naiz.

Bilatu