Eli Pagola Apezetxea
Eli Pagola Apezetxea

Bigarren errekak

Elgetatik Elorriora bidean, «Lehenengo Erreka» izeneko errekatxo bat dago eta, aurreraxeago, «Bigarren Erreka». Derrigor elgetar batek jarritako izenak dira horiek.

Zenbat itsasontzik ote dute "Politena" izena? Sasisoziologiako teoria antienpirikoak praktikan jartzeko leku gutxi daude portuak bezain onak. Inork pentsa lezake, bat jarri behar eta, askorik pentsatu gabeko izenak direla; eta ziurrenik hala dira, baina, harribitxi horiek asko esaten dute izendatzaileen mundu erreferentzialaz. Horra proposamena: bost minutu dituzuen batean, barkuen izenen bidez, kuxkuxeatu itzazue barkudunen subkontzienteak. Itsasotik aldenduxeago dauden portuetan ibiliagoak gara eta horietako batean irakurriak ez du galbiderik. Elgetatik Elorriora bidean, "Lehenengo Erreka" izeneko errekatxo bat dago eta, aurreraxeago, "Bigarren Erreka". Derrigor elgetar batek jarritako izenak dira horiek, Elorriotik jarritakoak balira, bigarrenak behar bailuke Lehenengo eta lehenak Bigarren. Dena dela, izen alfer samarrak dirudite, Altzerreka eta Elorri Erreka jartzea zieten. Baina, eta izenak erabileragatik jarri balizkiete? Erreka izenak ikasteko beharrik gabe, demagun lehenengoan zeudela arrain egokienak eta bertakoak nahi izaten zituztela. Besterik ezean, ordea, ea Bigarren Errekan zer topatuko jarduten zuten. Hierarkia garbia eta konfusiorako tarte gutxi ematen duena. Hala ere, kontestu honetan ere, harrapakinaren preziatua aldakorra da hainbat aldagairen arabera. Nork dio lehen Lehenengo Errekako amuarrainek zuten sona gerora ez dutela txiki utziko Bigarren Errekako aingirek?

Gogoan dut, batxilergo garaian, hamasei urterekin, karrera bat ikasi eta horretan lan egitea zela gure A plana, baina, zegoenaz zerbait jakin eta, B plana ere bagenuen; artzain ez bazen, sortzaile izan gintezkeen. Alabaina, urteek aurrera egin ahala, errekastoetan asko mugitu dira urak, sedimentuak lekualdatu dira eta espezieak eraldatu. Orain, gure ekosisteman, sistematik aldenduxeago dauden bizitzak dira A planak, baina ikasketak ditugu eta, kontuak nahi bezala ez badoaz, hortxe dago B plan estandarra: KAP-a egin eta irakaskuntzaz gozatu. Makina bat etxe dira Buenavista izenekoak.

Bilatu