Eli Pagola Apezetxea
Eli Pagola Apezetxea

Dena gaizki

Esaldi horretan dena gaizki». Halaxe esan omen zion lagun batek besteari egin berri zuen baieztapenetik ez eduki, ez forma, ez ezer ez zukeela bere egingo adierazteko. Esaldi horretan dena gaizki. Irudikatu dut umemoko bat lehoi errealista bat marraztu nahian: elefante belarriak, ilaran jarritako lau zango, 42 tailako oinak, borobildua baino triangeluarragoa den ipurdia, desproportzionala... dena gaizki. Sententzia absolutistaren aplikagarritasuna probatzeko gogoa ematen du: lan horretan dena gaizki; kuadrillan dena gaizki; jaurlaritzan dena gaizki; piszinako aldageletan dena gaizki; asanbladan dena gaizki.

Harriduraz jakin nuen Israelgo soldadu gazteak sare sozialak erabiltzera bideratzen dituztela arma mediatiko bezala, munduko biztanleek senti dezaten, azken finean, zu eta ni bezalakoak direla gazte horiek, hor egotea tokatu zaiela, besterik gabe, eta granadak jaurtitzen dibertitzen ari diren gazte alai batzuk besterik ez direla. Harridura horretan dena gaizki. «Israel herrialde zibilizatua eta irekia da, non LGTBI pertsonek eskutik emanda egin dezaketen turismoa, ez Palestinan bezala». Beste behin, esaldi horretan dena gaizki. Bestea barbaroa, bestea erasotzailea, bestea LGTBIfoboa, bestea terrorista.

Herenegun, Bisibilitate Lesbikoaren Nazioarteko Eguna izan zen eta zenbaitek baliatu zuen, ikusgarritasunaz harago, beste ardatz batzuetan zapalduta daudenekiko elkartasuna eskatzeko. Ikusgarritasuna eskatzen duenak ezin dio ez ikusiarena egin genozidio bati; areago, ezin du baimendu kolektibo baten eskubideen aldeko borroka, duintasuna eta historia beretzea garbiketa etniko bat makillatzeko. Ezin katea daiteke bat, ordea, beti lehoia eta beti lehoi bera marrazten. Transfeminismotik nola landu Palestinako genozidioa? Nola gauzatu elkartasuna? Zer leku eta paper dagokigu? Lan-lerro baliagarria da? Norbaitek gidaliburu bat emango zain bagaude, dena gaizki. Lanketan ari den sarerik badago, ordea, ez dizut esango zugandik zenbatera; bertan, seguruenik.

Bilatu