Eli Pagola Apezetxea
Eli Pagola Apezetxea

Ez geratu epeletan

Imajinazioa baliatu beharra zuten mezuak modu originalean helaraztekotan, eta, hori lortzen denean, sekulakoa da efektua

Ez naiz arte kritikaria, zalea izan arren, antzerkiaz ezer gutxi dakit eta kriterio propioen arabera baino ez naiz gai obra bat iruzkintzeko. Izatez, kritika egiaz inporta bazaizue, hobe besteren bati kasu egitea. Hemen doa, beraz, bi zentimoko nire iritzia.

Batzuetan gertatzen da, bada, eskuak hotz dituzunean txorrota epelaren azpian sartu eta urak erre egiten duen sentsazioa? Bi gorputzen tenperatura diferentzia dela eta gertatzen den fenomenoa da. Denbora tarte laburrean bi antzerki obra ikusi ditut, nor bere estilokoa, bata bestea bezain ona. Hondamendia da lehena. Ordu eta erdi pasan, Zaldibarko zabortegiaren bueltan gertaturikoa islatzen duen lana da. Gaitasun eta baliabide erakustaldia, bi lerrotan azalduta; batetik, aktoreek sekulako maila dute (eta sekulako traila, pertsonaia aldaketa etengabeaz gain, une oroko funtzio koordinatua baitute), eta, bestetik, elementu fisiko mordoa: zuzeneko musika, pantailak, kamera mugikorrak, atrezzoa, jantziak… Obraren egileak antzerkigintzan ongi zaildutakoak dira, gidoitik hasita. Ikusi.

Histeriari buruzkoa da bigarrena. Gertaera errealetan oinarrituta, bost akrobatek garai ezberdinetako zenbait histeria kasu eszenaratzen dituzte, batez ere antzerkia den zirku obran. Baliabide eta esperientzia baino gogo eta ilusio gehiago zuten eta, aizu, baliokideak izan daitezke. Imajinazioa baliatu beharra zuten mezuak modu originalean helaraztekotan, eta, hori lortzen denean, sekulakoa da efektua, denok ikusi genuen psikiatrikoko ohe bat supermerkatuko gurditxo hartan. Obra hau bere horretan zen ona, baina, lehenaren jarraian ikusita, eztanda txikiak eragin zizkidan.

Bi jokamolde dira, zerbait egiteko behar dituzun baliabideak bilatzea eta eskura duzunarekin zer egin dezakezun arakatzea. Ez da bataren edo bestearen alde lerratzeko premiarik, kontua da ohiko zaigunetik kanpora harritua izateko prest egotea. Hor zehar dabilen jende interesgarria ibilita, lastima da osperik ez duenari lekurik ez ematea.

Bilatu