Pasa zaizue inoiz funtzio argi bat duen elementu batek bigarren erabilera bat duela ohartzea? Euskal makilaren kasua, adibidez; bistara, makila elegante bat da, agintearen errepresentazio izan daiteke bere horretan eta, bat-batean, barruan lantza bat duela erakusten dizuete. Pausora eder egitea gutxienekoa iruditzen zaizue, arma hilgarri izan daitekeen 30 zentimetroko orratzaren aldean.
Duela aste batzuk egin zidaten errebelazioarekin bueltaka nabil, hau ere dena baino gehiago delakoan edo dena baino gehiago egin nahian, agian. Belar meta oso elementu garaikidea izan zela esan zidaten, garaiari erantzuten zion zerbait zela, dudarik gabe. Kontrabandisten garaian, zenbait metak ipurdian zulo bat izaten zuten paketeen ezkutaleku eta, mugalarien garaian, pertsonak kabitzerainoko edukiera hutsa zuten pilak ba omen ziren. Izango zuten ezkutalekuak komunikatzeko lengoaia bat; imajinazio pixka batekin ez da zaila zerrenda posible bat osatzea. Polita da “Behi euskaldun baten memoriak” liburua halako kontuak gustuko dituenarentzat; nola ulertarazi bihurritu zalea denari. Ingurukoak nazkatu beharrean ditut lilurarekin, hauspotu nahi izan nauenik baden arren: «Bada esan bat garai batean katagorri batek zuhaitzez zuhaitz zeharka zezakeela Iberiar penintsula. Uste duzu inork metaz meta gurutzatu ahal izan duela muga?». Inoiz inork egin duen batek daki; egun inork egingo ez duela ia ziurra da, meta faltagatik, nagusiki. Ehun errepublikak egin zuen mozorro festa Santiago zubian barrena. Hori izan daiteke egungo meta bat eta iraganaren nostalgiarekiko harra baretzeko errealitate dosia. Horrek hurrengo galderara garamatza: egun, zer elementuri ematen zaio agerikoa ez den bigarren erabilera bat, zilegi baina legez kanpokoa den zerbaitetan laguntzeko? Jakina, egunkari batean publikatzea bigarren erabilera ezkutu bat izatearen aurka doa zuzen-zuzenean, baina, premia eta irudimena izan baditugunez, bihar transmititzeko moduko zer trikimailu darabiltzagu?