Eli Pagola Apezetxea
Eli Pagola Apezetxea

Galtzeko beldurrari

Nola ekainaren 22a dela? Nola ibil gintezkeen atzo –ez da hitzez hitz hartzekoa– jertse eta beroki konbo banaezinarekin eta gaur kamiseta freskoenen ranking-a osatzen? Martxoaren 8a atzo izan zen eta, nork ostu dit apirila? Negutik burua erabat altxatu ezinik nabil eta, han non irakurri dudan udako solstizioa pasa dugula, alegia, eguzkia bere gorenera heldua dela eta goitik beherakoari ekin diola, jada. Zer!? baina noiz ihes egin dit urtearen erdiak? Ekinokzioa ekinegazio bilakatu baino lehen, txoke terapia autogidatuari ekin diot. Informazioak lasaitzen duen pertsona klasea naiz, zer egingo diogu bada. Antza denez, hainbat ikerlariren hipotesia da “uda” hitzak urarekin duela zerikusia eta, “negua”-k, Paleolito Aroan gurtzen zuten Egu izeneko jainkoarekin. Mari lurraren pertsonifikazioa bazen, Egu zeruarena omen zen, eta haren segidakoak behar izan egun, eguraldi, eguzki, eguen eta gisakoak. Negua, teoria horien arabera, behe egutik letorke, alegia, eguzkia beheren dagoen momentuari egiten dio erreferentzia. Eta galdera sortu zait, eguzkia ekia ere bai baita, ekinokzioak lotura bikoitzik bai al du? bada ez, kointzidentzia baino ez da latineko aequus eta ekiak beren ibilbidean puntu honetan kointziditzea, baina, hara! ekaina eki gaina izan liteke, eguzkia goren dagoen momentua. Eta, horrela, jakin mina eragiten didan baina jakin beharrik ez dudanarekin pasa dut arratsaldea. 

Lehenak tximistaren pare nola alde egin duen ikusita, edukiko ez dut, bada, 2025eko bigarren erdiaren fomo-a? Erritmo frenetikoa jartzen diogu gure bizitzari, lasai egoteko tarteak planifikatuak dira, egin nahi eta egin behar genukeenari begira egiten digu ihes ingurukoak, ohartu ere ez gara eta egin zenbat aldatu den erreka, edo nola dabiltzan txantxangorri baino buztangorri gehiago, baso partzela gehiago pribatizatu ote diren, zenbat proiektu energetikok egin duten aurrera onarpen fasean, zer dakarten datu baseek. Eduki egin behar zerbait galtzeko beldurra, galera handiak izaten ari garelako, denboraz gain. 

Bilatu