Eli Pagola Apezetxea
Eli Pagola Apezetxea

Leize Txikizioa

Kulturak eta ondareak, antza, ez dira aintzat hartzeko bestekoak, izendatuak ez badaude. Bada zerbait Kultura sailburuak esana izateko

Ondarearen ikuspegitik inolako babesik ez duen eremuan gertatu da kaltea; beraz, Lakuak ez du inolako ekimenik egitea aurreikusten. Horixe Bing3n Zupiri4k joan den ostegunean NAIZ Irratian egindako adierazpenetatik jasotzeko moduko mezua. Kulturak eta ondareak, antza, ez dira aintzat hartzeko bestekoak, izendatuak ez badaude. Bada zerbait Kultura sailburuak esana izateko. Eta, hasieran, eskandalizatu da entzulea, baina berehala errukia ere sortu zaio. Koitadua, denbora gehitxo ondarea ondasun bilakatzeko eginahalean. Jakina, bide horretan ez dira denak lagun. AHTaren aurkako taldeak aspaldi antolatu ziren eta, indarrak indar, hortxe diraute, isilduko ez den kateko zakurraren pare. Eta zer egin dezake, aurrerabidearen eta modernitatearen izenean gure iragana sarraskitzeaz gain etorkizuna ere sarraskitzea kaskezurrean sartua duen Jaurlaritzaren bozeramaile xume batek?

Lezetxiki ez da handia izango, baina ederra erori zaio gainera. Entzuleak gero eta xamurragoa du bihotza, zeren, obra faraonikoa aurretik hamaika mendi zulatutakoa eta baserri botatakoa da eta, begira ezazu, hortxe, nor bere bulegoko besaulkian eroso. Izan konfiantza, ziur honetatik ere airoso aterako dela, azken batean, gaiari dagokion arduradunak erantzungo diola esan du. Ahotsean antzeman dio erasana dagoela. Ulertzekoa, lastima da orain arteko txikizioak astakeria bat izan direla onartzea, honetara ezkero, hobe pixka bat gehiago zulatu eta faraoi sentitzeko ametsari eutsi.

Berriz entzun du elkarrizketa eta iruditu zaio sailburuak ondasunetik beste duela ontasunetik, zeren ez ditu bere horretan eskertu, baina esan du Lezetxikiko Lagunak espeleologia taldeak argitaratu dituen irudien bidez izan duela jazotakoaren berri. Hori eskertza eta aitortza moduan ulertzen da, nola bestela? Entzulea Zupiri4ri deitzekotan dago; ondare eta kultur ikuspegitik, bikaina litzateke AHTak eremu horretan kristalezko hormak izatea, horrela, trenetik bertatik ikusi ahalko lirateke aztarna arkeologikoak.

Bilatu