Ekologismo garaikidearen pentsamendu batzuei probokazio deserosoa. Hona zortzi arrazoi makroeolikoen alde egiteko:
1. minieolikoak baino energia gehiago eskaintzen du, ez gaitzatela engaina. Hau da, gailuaren errotorearen ekortze-azalera handiagoak energia kaptazio handiagoa dakar; beraz, behin sorgailu bat jartzen hasita, hobe handia txikia baino.
2. Txikiagoak balira, herrian bertan jarriko lirateke eta lehendik nahiko zarata ez gure herrietan eta orain, gainera, Eiffel dorrearen gisako munstroak etxe ondoan? Bai zera! Hobe urrun, lau katu baino ez dauden eta nozituko ez ditugun lekuetan, jarri.
3. Behin jartzen hasita, hobe asko gutxi baino. Errazagoa eta baketsuagoa da soberakinak kudeatzea beharrak egokitzea baino.
4. Bailaren arteko desorekak sor daitezke: «Hemen bai eta han ez?». Eredu ekonomiko honek badu aterabide demokratikoa: denetan eta kito.
5. Mendiak hutsik, erabilerarik gabe ditugu eta aukera bikaina da enplegu jasangarria sortzeko. Gainera, gutako askok lan egiten duten enpresek hobariak jaso ditzakete eta, kooperatibistak garenez, bada, topa ingurumenaren alde!
6. Goi-tentsiodun linea ugari eta luzeak beharko dira eta, segurtasunagatik, horien inguruetan ezin da zuhaitzik hazi. Horrek esan nahi du milaka hektarea baso-soiltze egin beharko direla eta, ondorioz, horietan ezingo dela ez intsignisik, ez eukaliptorik landatu, eta horrek erantzuten dio natur taldeen azken urteetako eskari handietako bati.
7. Etorkizunera begirako plan bat da. Makroproiektu horien instalazioan eta ondorengo baldintza bizigaitzek mortu bilakatuko dituzten herrixkak etorkizuneko arkeologoentzako karamelu izango dira dagozkien indusketak zein ikerketak burutzeko eta ondarearen balioa ondorioztatzen jarrai dezagun.
8. Garajean sartuta izango dugun auto elektriko banak funtzio ekosistemikoak betetzen dituela eta, lasai lo egin ahalko dugu, kontzientzia kargarik eta diazepam pilula erdirik gabe.
Zure esku dago ekologista izan edo kandelekin argiztatzera itzultzea.