Eli Pagola Apezetxea
Eli Pagola Apezetxea

«Moztu dizkate belarrak»

GARArik GARA makila lagun lurra esnatzera gatoz, nola Iruñean justiziaren eske irten zen Lekaroz. Herriak laurehun biztanle baino gehiago bazeuden askoz lehenik zuhaitzez hustutakoa bete nahi baitute astoz. Asto horiek preziso dute garajedun ikuilua, auzoarentzat kartola eta golferako akuilua. Esango bazait ulertuko dut astoen paraleloa ez dela zertan izan harroputz, hantuste eta leloa, baina balio du ikusteko dela jende bat duena teman hartua lortu artean ez mugitzeko ahalmena. Astakirtenen astakeria horrela uler nezake, beraz larreko lau hanketako astoek barka bezate; da aisialdi eskubidea nahi duen asto jende bat jartzeko kapaz litzakeena sator-zulotan banderak. Ustez bandera konkista ikur zaharkitua zela ja gaurkotu dadin jarri nahi al zaio inguruan golf zelaia? Larre berdetan harri gorrien negozio borobila, postaletako Euskal Herri bat sublimea bezain hila bilatzen duten horien lanak hau ezin ikusitik du: eraiki ala txikitu eta eraiki ahala txikitu. Nahiz astoak existitu bankuek nor asistitu, badagoenez zer defendatu bada nork erresistitu. Erosotasun eta luxutik aseta dauden partzelak ordaintzen ditu zazpi lagunen hogei urteko kartzelak. Ez hemen soilik, bat ohartzen da inguruak entzutean landa-guneak nola dauzkagun aldiro mehatxupean: Aroztegia, Mendiak Aske, Guggenheim, Marienia, motz geratuko zaigu aldiro datorren epidemia nola gurean herri adina proiektu badauden ia nekazal lurrak urbanizatu eta turistifikatu nahia premia aitzakipean ezin da justifikatu. Hainbeste bertso, hainbeste kanta dedikatuak lurrari saldu zaizkio zaharkituta geratzeko beldurrari, ikusi ahal genituzkeenak baso, zelai eta harriak ikusten dira industrialki zona eraikigarriak. Ez ezagutu, ez baloratu, ez utzi eta ez bildu gure oinarri behar zuena hankapean darabilgu, nonahi zuloa, nonahi dorrea, nonahi sua, nonahi kea, neurri gabeko txikiziotan, oi lur ene lur maitea, nork lagundua baduzu eta errebelatu zaitea edo abian diren triskantzak inoiz ez ikustekotan zu ez zaitugu zertan esnatu geroni bagaude lotan.

Bilatu