Eli Pagola Apezetxea
Eli Pagola Apezetxea

Señorak eta neska-motzak

Atzo Señora Sariketan parte hartu nuen. Tira, teknikoki, bihar hartuko dut, igandea erabateko aje eguna izan dadin ostiralez idatzi baitut artikulua. Justifikatuta dago, noiz lan eta noiz jai egin erabakitzeko gobernantza duen horri deitu dakioke-eta «señora». Harira, 3. edizio hau da parte hartzen dudan 3. edizioa; lehena kantari. Eta, nola ez, iritsi da bazetorren galdera: «Zu señora bat al zara, baina?».

Belaunaldiz belaunaldi desberdin erlazionatzen ditugu kontzeptuak eta, ekimena martxan jarri zenetik, nabarmen ikusi da. Iazko finalean, Leitzan, Rosi Lazkano bertsolariak bertso-jarri bidez deskribatu zuen «señora» hitza entzun eta burura zetorkion emakumea: hotza, supremazista eta klasista. Beste batzuk diote «señorak» esanahia hartzen duela «señorita» kontzeptuaren aldamenean. Bigarrena gaztea omen, liraina eta fertilitatea eta ezkontzeko balioa gordetzen dituena. Beraz, «señora», «dohain» horiek ez dituena. Bueltan-bueltan...

Gazteagooi dagokigunez, zail egiten zaigu señora bat definitzea, baina ulertzen dugu zer den –eta, batez ere, zer ez den–, eta kontzeptua geure egin eta aldarrikatu nahi izan da asmo garbi batekin: emakumeen eta hegemonikoak ez diren gainontzeko identitateen ikusgaitasuna eta aliantza. Gaia hori zen mahai-bueltako solasaldi batean agertu da beste kontzeptu bat: neska-motza. Definizio neurtua jarri zion batek: «Hori, gure herrian, neska-gazte ederra da; ederra, sendo eta mardularen zentzuan». Señora eta neska-motza kontzeptuak bistan da jatorri desberdina dutela eta, bilakaerak bilakaera, oro har, ironikoki mespretxatuak direla.

Beraz, eta iritsitako galderari helduta, «señora bat al zara?». Hara, bada, ziurrenik, ez. Ez behintzat bere horretan. Neska-motza naizela esateko moduan ere, seguru asko, ez nago. Baina ongi dago ibilbideak kolektibizatzea, harrotzeko motiboak aitortu eta bilatzea eta, kontraesan eta oximoron artean (lehia transfeminista, harrapazank!), ekimen honetan elkar topatzea. Ederra da Señora Sariketa, bere zentzurik mamitsuenean.

Bilatu