Eli Pagola Apezetxea
Eli Pagola Apezetxea

Taberna bat barrutik ikusten da ondoen

Kideek adierazi dute, batez ere, jende heldua batu dela dinamikara, 30-40 urte artekoa. Nahi omen lukete belaunaldien nahaste handiagoa.

Udako giro erlaxatu axolagabearekin bat zetorren elkarrizketa bat etorri zait gogora. Badakizue, elkarrizketa mota hori, non ez dagoen oso argi zein den landu nahi den gaia. Halakoetan zaila da jakitea helburua minutuak betetzea ote den, ahozko kontakizunaren ederra helaraztea, publizitatea egitea, irri… batek daki; denek ez dute helburu bera izango. Zenbait aldiz bidalia izan zen pieza hartan, adinean 60 bat urte aurrera egindako eta ostatutik bizi zen bati eman zioten hitza. Gizonak entzuleei esaten zien bere taberna barrutik ikusten zela ondoen, alegia, ulertzera eman zuen nahiago zuela lekua otorduaren balorazioaren bidez definitu eraikinaren bidez baino. Imajinatzen dut inguruan izango zuela berearen aldean erakargarriagoa iruditzen zitzaion establezimenduren bat.

Astearte honetan aurkeztu da Jauzi Ekosoziala dinamika. Aurkezpenean bertan esan zuten «oraindik etxe bihurtu ez den mugimendua» den arren, Hego Euskal Herriko lau lurraldeetan artikulatzen hasiko den mugimendu anitza, eraginkorra eta propositiboa dela. Hegemonia neoliberalaren aurka eta bizitzaren alde aktibatu da dinamika, eta egiturazko eraldaketei bidea irekitzeko funtzioa hartu du bere gain, jendartea osoa zeharkatzen duten gaiak. Zenbait elkarrizketatan, ordea, kideek adierazi dute, batez ere, jende heldua batu dela dinamikara, 30-40 urte artekoa. Portugaleten gazteagoak eta zaharragoak bildu zirela eta, nahi omen lukete belaunaldien nahaste handiagoa. Egia da, oro har, hedatua dagoela edadearen araberako militantzia –pentsiodunak adibide– eta batzuetan adinkeriarekin talka egiten dugula. Baina, batzu-batzuetan, lasaigarria da pentsatzea ez dagoela mugimendu bakar bat eta, handik edo hemendik, irismen handia dugula. Hego Euskal Herrian dozenaka talde dabiltza (gai ekosozialen gainean) antolatuta, nor bere ñabardurekin; beraz, Jauzi Ekosoziala dinamikak lor dezala ekintzaileak sukalderaino sartzea, baina, egon dadila lasai, mahaian esertzera iritsi gabeko etxeko asko dago eta.

Bilatu