Eli Pagola Apezetxea
Eli Pagola Apezetxea

Testosterona kategoria

Ez da aste honetako kontua; hain zuzen ere, ibilbide luzea dakarrelako ekarri dut hona. «Munduko Atletismo Federazioak debekatu egingo die emakume transei nazioarteko lehiaketetan parte hartzea». Tira, transei eta testosterona maila altua dutenei. Eta, jakina –eta eskerrak–, erabakia ez da oharkabean pasa. Medikuntza bezalako ezinbesteko eremu baten ardatza gizon zuria bada, ez dugu, bada, esperoko atletismoan bestela izatea, ezta? Neurriaren ondorioz, lehiatik kanpo geratutakoen zerrenda edonor harritzeko modukoa da, zeren, aizue, kasualitatea da, gero, atleta guztiak arrazializatuak eta emakumeen kategoriakoak izatea. Gizonezkoetan testosterona maila diferentziarik egongo da, bada! Arrazakeria eta matxismoa, ezer berririk ez lur mortu hauetan.

Federazioak adierazi du berdintasunaren eta integritatearen kriterioa lehenetsi duela inklusioaren aurretik, baina, nago gizonezkoen kirola dela benetan lehenetsi eta bermatu nahi dutena. Alde batetik, emakumeen markak zenbat eta gutxiago hurbildu gizonenetara, hobe, argi gera dadila nor dagoen zer kiroletarako egina; eta, beste aldetik, emakume kategoria arrakalatzen hasten bada, kategoriako gorputzen ezaugarri eta hormona portzentajeak zabaltzen joanez gero (generoa eraikuntza sozial bat dela ulertzeko bide emango balitz), zer zentzu luke gizonezkoen kategoriak?

Eta munduko atletismo federazioa da kasu konkretu honetan, baina beste (kirol) esparru askotara zabaltzen da; izan ere, «gure» txapelketa herrikoietan jartzen ditugu 1. maila, 2. maila eta Emakumeak kategoriak eta gaizto jokatzea da hori emakumeen kirola bultzatzeko dela esatea; besteak beste, mailakatzean bertan dagoelako gutxiespena. Sustatu nahi bada, baldintza hobeak eskaini beharko dira, lanketa iraunkorragoak egin eta gizonezkoen kirolen kopia merke izanarazteari utzi. Gizontasuna hain da hauskorra, non hegemonian mantenduko duten egituren premia duen. Denbora eta estrategia kontua da kategoria horiek zentzugabetzea.

Bilatu