Eli Pagola Apezetxea
Eli Pagola Apezetxea

Trikuaren azkazalak

Badugu joera orokor bat dena ekonomikoki aztertzekoa eta, hori, tranpa galanta da. Garestia delako da armada baztergarria?

Auskalo inork espero ote zuen bertan konpromiso aurrerakoirik hartzea. Kontuak kontu, duela astebete eskas itxi zen COP27 goi-bilerak ez zuen euforia handirik eragin, beste behin. Hala ere, zerbait ikasi badugu da hartzen diren erabakiak bezain esanguratsuak direla hartzen ez direnak, eta horietatik ere badagoela zer aletua. Duela egun gutxi egunkari honetan egindako erreportaje batek goi-bileran nabarmentzerik lortu ez zuen eta herrialde eta erakundeen politikak ulertzeko ongi datorren gai bat izan zuen hizpide: gastu militarrak eta klima larrialdia. Transnational Institute (TNI) institutuak egindako txosten bat zuen abiapuntu, non zioen «gastu militarrek inpaktu ‘sakon eta iraunkorra’ dutela larrialdi klimatikoari heltzeko gaitasunean». Sare internazionalak egindako loturak haustura txiki bat eragin eta sokan sartu nintzen. «Armadan gastatzen den dolar bakoitzak berotegi efektuko gasen emisioak handitzeaz gain, finantza baliabideak, trebetasunak eta gizateriak izan duen mehatxu existentzial handienetako baten aurkako borrokaren arreta ere desbideratzen ditu». Krak. Zentzu komuna eta Institutuaren nondik norakoak begiratuta, ulertzen dut nondik lotzen duen bat bestearekin, baina ez dakit armada ikuspegi horretatik lantzeak onik dakarren.

Badugu joera orokor bat dena ekonomikoki aztertzekoa eta, hori, tranpa galanta da. Garestia delako da armada baztergarria? Armadan sekulako inbertsioak egiten dituzten herrialdeek diru gehiago bideratuko balute klima larrialdiari aurre egitera (gerrako terminologiaren hedadura beste baterako), zilegi joko genituzke? Ekonomikoki garestia izatea edo isuri handien arduraduna izatea da armada gaitzesteko arrazoia? Ez al da militarizazioari onartua izateko beste ate bat zabaltzea?

Erreportajearen egileak ongi dioen bezala, «armada ez da batere ‘berdea’», jakina ezetz, eta, izango balitz ere, desartikulatu egin behar litzateke, indar armatuen arazo nagusia ez delako eragiten duten kutsadura. Ez dezagun arreta desbideratu.

Bilatu