Eli Pagola Apezetxea
Eli Pagola Apezetxea

Udaberriko gora-etorria

Etxera bidean Manuelek ikusi nau eta beti izaten du hizketarako gogoa, baina, gaur, bereziki. «Zer, lanerako asmotan? Ni lehen orduan etortzen naiz, postua jartzerako hemen, zintzo-demonio. Lehenbailehen landarea hartu eta zu ohetik jaikitzerako bere lekuan eta ureztatuta izateko. Eguerdiko berotan landarea ahuldu egiten da, gainera, urik botatzen ez badiozu, ez da itsasten eta botatzen badiozu, egosi, igual (...)». Azalpenak noraino luzatuko dituen zure esku egoten da. Goizean goiz azokako postua noiz jarriko bakarrik zain egotea, behin postua jarri ondoren bere txandaren zain egotea baino nahiago duen pertsona klasea da Manuel, alegia, nahiago duela denboraren zain egon jendearen zain baino. Egiatik eta aitzakiatik, bietatik izango du, zeren, gero gustura asko itzultzen da udaberriko ilbeherak baratzerako grina esnatu digunon ilara errebisatzera. Ez zait gutxiagorako iruditzen. Poz txiki bat eragiten du inguruetan landaketak eta ereintzak hartzeko prest dauden lurrak ikusteak, urte osoko zein uda-udazkeneko baratze amateurrak begiz jotzeak. Agian, gerora, belarraren aurka gerra frontea zehaztu ezinik ariko dira, lurra galdu eta galdu, edo karakolen eta txorien bazkaleku bilakatuko; baina, orain, ilusioa darien partzelak dira.

Isidro ikusi dut eta elkarri burua jasotzeko denbora eman digu. Ez nekien baratzerik zuenik. Edo San Isidrotarako zerbaiten bila ote zebilen? Jakin mina sortu dit mundura begira dagoenak zer eguneroko mota ote duen. Eskola-ume batzuk ere pasatu dira porruak eta tipulak bereizi ezinik txango didaktikoan, eta ume horientzat heldu baina niretzat ni bezain gazte denik ere bai martorri, sandia, piper habanero eta koloretako zerba eske. Gogobetegarria da ikustea lurra lantzeak ilusioa eragiten duela, lan organiko eta lurtarrak atsegin dituela zenbaitek eta, zergatik ez, norbera eskala txikian entseatzeak eskala handiagoan baina mimo berarekin dabiltzanak baloratzeko bide ematen duela. Hasi loreontzietan perrexila ereitetik eta nekazaritza lurrak defendatzeraino.

Bilatu