Eli Pagola Apezetxea
Eli Pagola Apezetxea

«Unpopular opinion»

Musikariak ez dira harrituko hau irakurtzean. Ezagutzen ditudanei esana diet, jator askoak diren arren, nahiago dudala oinean tiro bat, arratsalde oso bat musika entzuten igarotzea baino

Musikak aspertu egiten nau. Ez naiz zalea, tabernan-eta entzun izan dut, eta epel uzten nau. Are gehiago, molestatu ere egiten du. Beti berdina da. Asko jota, lau akorde jotzen dituzte denek eta, gainera, deskuidatuz gero, ordena berean. Denak antzeratsu samar janzten dira, antza, bizitza prekarioa, gogorra eta nostalgikoa irudikatu behar delako musikaria izateko. Kantatu ere, bide beretik. Gehienek ez diote ezer, fonetikoki atseginak diren zentzurik gabeko hitz multzoak besterik ez dira. Tartean-tartean tokatzen da zentzu pixka bat duen bat, ados, baina kasu horretan erabat panfletarioa izango da, ziur.

Aitor dezadan, ordea, dena ez dela txarra. Behin kanta on bat entzun nion Ruper Ordorikari, beste garai batzuk baziren ere. Orduan musikariak autentikoagoak ziren, naturalagoak. Orain bat bestearen kopiak dira eta, ene!, zenbat kantu berdin entzuten den! Ez dut ulertzen jendea nola joan daitekeen kontzertu batera. Hamar kantu aurreikusgarri entzutera eta inorez batzuk mirestera joan egin behar da gero. Ezta ordainduta ere!

Musikariak ez dira harrituko hau irakurtzean. Ezagutzen ditudanei esana diet, jator askoak diren arren, ez zaidala piperrik gustatzen egiten dutena, nahiago dudala oinean tiro bat, arratsalde oso bat musika entzuten igarotzea baino. Ez naiz «hater» bat, nire «unpopular opinion»-a besterik ez da. Eta ez naiz horrela pentsatzen duen bakarra; kontua da musika derrigor gustatu beharra dagoela eta gutxi batzuk baino ez garela ausartzen egia argitara ateratzen. Hala ere, agerikoa da gero eta bertso-afari gehiago antolatzen direla musika ordu gutxiagoz entzun behar izan dezagun.

Musikaz idatziko ez litzatekeen astakeria multzo hau bertsolaritzatik esatea libre dela dirudi. Batetik dago, aktibitate kultural gisa gutxiestea eta, bestetik, egiteko kritika zintzorik gabe nolanahi fokupera sartu nahia, kaka zabalduz bada ere. BTN saltsa eragile izanda, jasoko da taxuzko ekarpen kritikorik. Kontua da, zenbat lasto eta gaiztakeria bereizi beharko den horretarako.

Bilatu