Eli Pagola Apezetxea
Eli Pagola Apezetxea

Uraren bidez

Lagun irakurri batek kontatu dit hiriaren eta landa-eremuaren arteko fluxua ez dela ausazkoa eta, gehienetan, faktore garrantzitsua dela garaiko egoera sozioekonomikoa. Alegia, hiriak krisi bat bizi duenean –2008ko adreiluaren burbuila, 2020ko pandemia– biztanleek, oro har, landa eremura joateko desira garatzen dutela eta, aldiz, garai aberatsetan, hirirakoa. Hori, nik ulertutakoa. Marea gisa funtzionatzen dugu, beraz: batzuetan gorako, besteetan beherako. Eta, fisikaren nozio batzuk jaso izana izango da baina, diot nik, mugimendu horretan, landak ere izango duela erakarpen-ahalmenik.

Gaur zortzi sekulakoak eta bi bota zituen Aranon (1947an Goizuetan bota omen zuen; 2045ean, beraz, Ereñotzun?); etxera erauntsiaren azkenak baino ez zitzaizkigun heldu eta, hala izanda ere, ez zuen kanpoan gertatzen ari zenari  begiratzeko gonbita tentagarriegirik luzatzen. Lirikotasunetik batere ez duen justizia poetikoa zirudien; udaz geroztik taxuzko eurialdien eske aritu ondoren, jo eta denak batera bota.

Esango nuke ezagutu dudan uholderik gabeko lehen uraldia izan dela; urak igo bezain azkar jaitsi ziren eta, atertu ere, hasi orduko atertu zuen. Orduan hasi ziren etxea babesleku izan zitekeela sinetsi beste aukerarik izan ez zuten horiek gotorlekuetatik irteten, argia pizten ote den, atzera, ura, aurrera, lurra, whatsappa, erreka, katiuskak, bizilagunak, zuek ondo? Palak, inpotentzia, adrenalina, optimismo derrotista, gero jango dugu zerbait… Moztuta zeuden bideetatik mugitu zen jendea ingurukoei laguntzeko, etxez etxeko laguntza espontaneoak sortu ziren. Askoz ere larriagoa izan zitekeenaren aurrean, tripetatik ateratako elkartasuna sumatzen zen, eta hori jendea bertan dagoenaren erakusle ikusi nahi nuke. Agian, marea gisa funtzionatuko dugu; batzuetan etorriko dira erauntsi ikaragarriak eta noizbehinka urak lurra eramango du baina, zorionez, izokin baino zuhaitzagoak gara eta, itzuli baino, lurrari eusteko kemena bildu dugu. Besarkada bana urari bidea egiten lagundu diotenei.

Bilatu