Ohartzerako, 361 egun pasatu dira zaintza eskubide kolektiboaren alde greba feminista orokorra egin genuenetik. Azaroaren 30ean izan zen hura eta mugarri handi bat izan zen, zalantzarik gabe (hori historialariek esan behar izaten dutela uste dut, baina). Herri Akordio bat non Mugimendu Feministatik irudikatzen den Herri horren adostasun baten ondorio bezala uler daitekeen. Aldarrien artean agroekologia babestea eta sustatzea agertzen zen, hain zuzen ere, zaintzaren ulerkera zabal eta integral bat aberasten zuen arloetako bat. Zaintza pertsonak zaintzea baino askoz gehiago zela jakinarazteak agertzen zuen zenbaitetan antagoniko irudikatu ohi diren bi arloren arteko aliantza: feminismoa eta landa eremua. Ez nazala inork zozotzat hartu, jakin badakit ez direla, berariaz, bi esparru. Lehen lerroko subjektu nagusia gizonezkoa izan da baina, zaintza lanetan gorputz ez-hegemonikoak eta disidenteak aritu badira eremu urbanoan, nork uste dugu eutsi diola bizitzari landa ingurunean? Nor aritu da, nork eutsi dio eta nor dabil, nork eusten dio.
Eta zaintza pertsonetara mugatzen ez badugu eta, egun lurraren artifizializazio masiboaren mehatxuarekin dugun auziari begiratzen badiogu, hor zerbait gertatzen da. Egitura batzuk blokeatuak ditugu, boterea eta zaintza esku desberdinetan pilatzen zaigu eta ez diot mugimendu eraginkorrak ez ditugunik, baizik eta zer irabazi asko galtzen ari garela. Gure eragin eremuetako egitura mordoa ditugu birpentsatzeko edo, gutxien-gutxienez, moldatzeko eta biolentziak zer forma hartzen dituen begiratzeko.
Niri, pertsonalki, maiz samar gogoratzea komeni izaten zait. Gaurkoa, adibidez, ariketa gisara hartu dut: dokumentu batzuk irakurri, akta-koadernoa errepasatu, garrantzitsuak iruditzen zaizkidan eta esan nahi nituzkeen ideiak findu eta banoa asanblada batera. Ariketa gisara idatzi dut artikulua bilera baino lehen, izan ere, susmoa dut ordu batzuen bueltan artikulu hau birpentsatu beharko dudala, ea nori eskatu diodan ardura eta nori eman boterea.