Piaspe baimenik gabe utzi dute, ez ingurumen ez administratibo. Sañoa mendian gauzatu nahi zuten proiektu eolikoa atzera bota dute, beraz. Ez da nolanahiko notizia, ezta bakarra ere. Han eta hemen hasiak dira ingurumen baimenak ukatu izanagatik atzera botatako proiektuak ugaritzen eta, saltsa guzti honetan, nola ez txalo jo herri ekimenei. Piasperen kasuarekin segituz, Sañu Bizirik taldeak egin zuen prentsaurrekoa eta plazaratu zuen gaiaren gaineko bere irakurketa. Ordea, non daude proiektu sonatu honi haize ematen ibili direnak? Inor ez da atera azalpenik ematera, hainbeste señor energiaz gora eta behera eta, atzera bota denean, inork ez du publikoki ezer aitortu behar? Barkamenaren moral usainak usain, inork ez du barkamenik eskatu behar astakeria honen alde lerratu eta lan egin izanagatik? Zeren, administrazioak egin duena ez da izan hainbat herritar eta adituk aurrez salatutakoa berrestea baino. Ez al zen arduraz jokatzea eskatzen? Ba, orain izan daiteke une ona erantzukizuna erakusteko.
Eta inork esango balu arnasa pixka bat hartzea dela hau, ez dabil oker, arnasa delako, bai, baina pixka baterakoa. Egitasmoak erori bezala ari dira azaltzen, covid-19 kasuen pare. Foku bat bertan behera uzterako sortzen dira beste hiru, eta txerto bat behar da baina orain bi eta bere onera etorritakoa erori daiteke berriz eta horrela. Telegramen zientoka talde daude tokiko mehatxuen berri zabaltzen dutenak, hamaika bidetatik heltzen herri ekimen bat osatzeko gomendio eske edo ekimenen sarea sendotzeko asmoz datorren talderen bat. Ez beharbada duela urte pare bat bezain zalapartatsu, baina kaka berdina da. Informazio argirik ez eta proiektu erauntsi galanta.
Pozak poz, mesfidati jarraitzeko argudioak egon badaude. Azpiestazioetan eskatzen ari diren potentzia ahalmena ez omen dator bat ezagun ditugun proiektuen potentziarekin, alegia, gaindimentsionatuta daude. Beraz, edo proiektu gehiago ekarri nahi dira inguruetara edo, ezagun ditugunak eraikitzeko ez ezik, handitzeko anbizioa eta esperantza dute.
