Eneko Barberena
Eneko Barberena
Idazlea

Lehia

Harribitxia da Jordi Lariosek editatu eta Empuriesek argitaratutako "Llegir i escriure" liburua. Bertan, besteak beste, TS Elioten 1961eko "Kritikaria kritikatu" izeneko konferentzia ageri da eta hangoa da pasartea: «Kritika zintzoa eta balioespen sentikorra ez da poetari eginikoa, poesiari eginikoa baizik. Entzuten baditugu egunkarietako kritikarien oihu nahasiak eta jarraian datorren marmar herrikoia hainbat poetaren izenak adituko ditugu; bilatzen duguna ez bada goi mailako izenen hurrenkera bat eta, aldiz, poesiaz gozatzea bada gure xedea, poema bat eskatu eta gutxitan aurkituko ditugu».

Hauteskunde kanpainan halako zerbait gertatzen da. Ahaleginak ahalegin, eta irakurri dudanagatik iruditzen zait NAIZ ari dela jardun horretan, ez da erraza hauteskunde lehian poemez jardutea poetez jardun partez, eta baten izena lokatzetan darabilen furgoneta okurrenteek ez dute eztabaida aberasten. Arreta eman didaten proposamenen artean dago bere garaian Pello Otxandianok bota eta herabeago −akaso traketsago− Imanol Pradalesek errepikatutakoa: borondatez kanpoko bakardadea gobernuaren lan ildo gisa hartzearena. Hari horri tiraka, bakantzetan Maria Merce Marçalen saiakera bilduma irakurri berri dut eta hala otu zait badirela hainbat gai ez ditugunak gure ordezkari politikoekin lantzen eta landu beharrekoak direnak; demagun heriotza, maitasuna, bakardadea. Sortzaileen bizkar utzi dugu horiez jarduteko ardura eta ez gara jabetzen heriotzaz hitz egin gabe, maitasunaz eztabaidatu gabe, nekez ulertuko dugula herriko beilatokiaren kokapenari buruzko eztabaida eta kostata aplikatuko ditugula genero politika eraginkorrak, adibide bi jartzeagatik.

Aipatu dut lehen Otxandiano eta Pradalesen artean bigarrenaren proposamenari trakeskeria zeriola. Azal dezadan bada zergatik. Iruditzen zait badela arazo estruktural bat Pradalesen olerki guztiak iluntzen dituena: hobekuntza proposamenak egin beharrean dago, gaur egun txarto zer dagoen seinalatu ezinda. Horrela ez haiku ez soneto, ez panfleto ez aforismo, ez dago ezer ganoraz transmititzerik.

Bilatu