Eneko Barberena
Eneko Barberena
Idazlea

Alderrai

Etengabe geolokalizaturik egonda nekez ibil liteke bat alderrai. Berdin dio Lurmutur Hirian, Bogotan edota Aretxabaletan. Akabo "Rayuela"-ko protagonista sentitze hori.

Maiz bada lankideren bat, asmo ona eta psikopatia uztartuta, etxean soberan dituen bonboiak lantokira eramaten dituena Errege egunaren ondorengo lehen lan egunean. Zapuztear diren zaintza asmo onei eginiko atentatua da, tuperrean duzun barazki purearekin uztartzen ezinezkoa. Tamalez, putzu denetan korroka egiten duen apo honek amaitu ohi du eskua gisako plateretan sartzen eta antzeko zerbait gertatzen zait clickbait-a helburu duten albiste txatxuekin.

Hala, irakurri dut Hegoafrikako bikote batek elkarren geolokalizazio datuak batera jarrita deskubritu berri duela elkar ezagutu aurretik gutxienez 41 aldiz egon zirela bata bestearen alboan. Zentzu berean, Ariel Castillo Mier irakasleak kontatzen duenaren arabera, 1948an, Bogotan, antzera egon ziren Fidel Castro eta Gabriel Garcia Marquez, Jorge Eliecer Gaitan buruzagi liberala tiroz erail eta ondoreneko kaosean piztutako sute, arpilatze eta odol uholdean. Fidel Latinoamerikako Ikasleen Kongresua antolatzen ari zen Konferentzia Panamerikarrarekiko alternatiba gisa eta Gabo jada bazen nor, hiriburuko prentsak bere lehen ipuinak argitaratu ostean.

Castillo Mierrek dio esperientzia tragiko horren poderioz zerbait ikasi zutela bi gizon horiek. Batetik, Castrok ondorioztatu zuen antolaketa kolektiboa ezinbestekoa dela konforme ez den herrialde baten aldaketarako energia bideratzeko. Bestetik, Garcia Marquezek, bere jaioterrira itzuli behar izan zuen eta bidaia hori izan zen bere Karibeko jatorriarekin berradiskidetu zuen hazia, Macondoren genesia.

Gabok 1956. urtean, Parisko erbestean, entzun ei zion Nicolas Guillen izeneko bati bazela abokatu gazte eta ero bat kubatarren itxaropen iturri zena. Ordutik pista jarraitu zion Castro anaietan zaharrenari eta, esan ohi den bezala, hortik aurrerakoa historia da.

Etengabe geolokalizaturik egonda nekez ibil liteke bat alderrai, berdin dio Lurmutur Hirian, Bogotan edota Aretxabaletan. Akabo "Rayuela"-ko protagonista sentitze hori: bateren batek badaki non egon garen eta onenean zerbait saldu nahiko digu.

Bilatu