Eneko Barberena
Eneko Barberena
Idazlea

Altxa burua

Umeak oporretan daude eta iritsi da kontziliazioaren hilabete magikoa, non soldatapeko lana, udalekuak, familia ingeniaritza, bero itogarria eta konpromiso sozialak −jaiak, ezkontzak, bazkariak...− harrigarriki uztartu behar diren, pilaturiko nekeak berarekin dakarren astuntasunarekin. Zorte apur batekin, uztailean aktualitatea segitzeko akituegi egongo naiz. Ausazko gogoeta: paperezko egunkariak izango dira hurrengo biniloa, nahiz eta orain gezurra iruditu. Ez banu literaturarik irakurriko, uste dut perspektibaren zentzua bera galduko nukeela smartphonean itota. «Altxa burua», diotsot nire buruari, gertatzen ari denari zentzu narratibo apur bat topatzen laguntzeko beharrezkoa delako, hain baitaude katramilatuta, (nire ustez betiere) gure patua josten duten zuntzak, optikoak eta bestelakoak. 

Zer eskatzen diogu etorkizunari? Hobera goaz ala galbidean? Seme-alabei planeta hobea utziko diegu jaso genuena baino? Ez dakit. Inoiz baino aberats gehiago dago munduan eta, horrenbestez, pobre gehiago. Okerrena da haserrearen partez inbidia sortzen duela horrek. Astero ez bada, bi astean behin dago Guardia Zibileko norbait droga, ustelkeria, zein hilketa matxista kasuren batean inplikatua eta UCO delakoak du ustelkeriaren kontra aritzeko iniziatibaren fama. Beroak jendea hiltzen du, baina «eguraldi onaren» diktadurapean bizi gara. «Dena gaizki doa» esanez gero, ultraeskuinaren mezua indartzen dugu, baina isilik geratzen bagara, ezin dugu bakoitzaren ahots minduekin abesbatzarik sortu. Aita santua guai omen dago, baina hemen inork ez dio dibortzioari uko egingo eta abortuari, ba depende, nor-nork aditz taulen arabera. 

Oxala bageneki zer erre eta zer gorde biharko San Juan sutan. Oxala gure bizitzetara iritsitako bertsolariren batek sutondoan bueltan-bueltan gaudenoi buruzko bertso batzuk bota, urtebetean pilatu diren zauriak ireki, zornea kendu, okela josi eta alde egingo balu. Oxala norbaitek ganoraz azalduko balu txosnetako gerra deritzona zergatik gertatu den. Oxala kontakizun balizko hori ez balitz Instagramen egingo.

Bilatu