Eneko Barberena
Eneko Barberena
Idazlea

Arto eta gariak gorde

Hasteko, besarkada bat Ternuako jende guztiari. Ez dut ahaztuko, nerabe kankailua nintzelarik, nola lagundu zidaten niretzako arropa lortzen. Halako keinuek egiten dute handi proiektu bat, eta espero dut topatuko dutela aurrerako bidea.

Ondoren, gaia zeharo aldatuta, PSOEren ustelkeriarekin lotutako txikikeria bat gomutan hartu nahi nuke. Burua lehertu baitzitzaidan kasik entzun nuenean delako Koldo Garcia eta enparauei obra publikoen esleipenagatik ordaindu beharreko eskudirua Iruñeko Franky tabernan uzten zietela. Ba ote Manuel Lasarteren Franki jaiotetxearen omenezko izena edukitzea halako taberna ilun batek? Ziur ezetz, baina polita zait leitzarrak “Enbor zarraren ezpalak” obran gozo aipatzen duen baserria eta estolda sozialistak karanbola bidez lotzea. 

Hura gizona, Lasarte. Hainbatentzat prosagile fina eta, alabaina, eskolagabea zenez, inongo puntuazio ikurrik gabe bidaltzen zizkion testuak Antonio Zavala editoreari. Azken hau ere ez zen nolanahikoa, jesuita tolosarrak 361 liburu argitaratu baitzituen, batez ere Auspoa sailean, eta funtsezkoa da bere lana, kasik desagertu den mundu baten testigantza gordetzeko. Pello Esnalek, zeinak hein baten Zavalaren lana jarraitu duen, hala bota zigun zirtoa Arrasateko bibliotekan duela urte batzuk: nola liteke euskara batuaren aurkako elizgizon karlista bat izatea euskal kulturaren zutabeetako bat? 

Ez dut hor kontraesanik ikusten. Sanjoan egunaren bezperan gauden honetan, nire sentitzen ditut etxeko larrainean iratzeak barreiatzen dituztenak, sanjoan lore sortak batzen dituztenak eta sua egiten dutenak. Baita lizar arramaz eginiko gurutzeak atarian iltzatzen dituztenak eta txosnan egunsentia ospatzen dutenak. Jarraidura eta irekidura lotzen asmatzea, horra bizirauteko ezinbestekoa den gimnasia. 

Horregatik salatu nahi dut Jaurlaritza eta aldundiak haien txosnak itotzeko ahaleginean. Egungo euskalduntasunaren zutabe diren heinean, ulertezina da sabotajea. Sektarismo politikoa dela arrazoia edo itsukeria administratiboa, utzi txosnak bakean!

Bilatu